“Galdakaoko ZIUko lankideak nire postreen dastatzaile ofizialak dira"

Anboto 2021ko mar. 7a, 10:20

Sara Estebezek (Zornotza, 1993) lau urte egingo ditu ZIUko erizain lanean. Sasoi gogorra bizi duten arren, oso gustuko du bere lana. Hala ere, gozogintzagaz lotuta ikusten du bere etorkizuna. Kanela hautsetan izenpean dabil gozogintzan. Aurrera begira, sagar-tarta, hostopila eta gazta-tarta ere eskaini gura ditu. Egoerak mugatuta hasi da enkarguak hartzen, instagram bidez (@kanelahautsetan).

Nondik datorkizu gozogintzarako zaletasuna?
Ordu asko egin dut sukaldean, amamagaz batez ere. Baina Basque Culinary Centerren ikasten nenbilela murgildu nintzen gozogintzan, ordura arte ezezaguna nuen munduan. Sei hilabete egin nituen han, erizaintza ikasketak hasi arte. Dena dela, neure kabuz jarraitu dut: blogak irakurtzen, errezetak ikusi eta probatzen. Urte batzuk dira postreak egiten ditudala. Eta orain dela urtebete  Kanela hautsetan sortu nuen, ZIUko lankideek animatuta. Nire galleta eta postre asko dastatutakoak dira.

Basque Culinary Centerretik erizaintzara salto egin zenuen. Aldaketa handia da hori. Zerk bultzatuta?
Nik neuk ere ez dakit esaten zergaitik. Ama erizain laguntzailea da eta berak beti animatu nau erizaintza ikastera. Mondragon Unibertsitatetik berbaldi bat ematera etorri ziren Ibaizabal ikastetxera, Basque Culinary Center zabaldu zuten urtean. Sukaldaritza gustuko nuen eta asko erakarri ninduen. Probak egin eta ikasketak hasi nituen. Baina, eskola pribatua izanik, Donostian bizi izanda, nahikoa garestia zen. Ez dakit zergaitik, haizeak jo eta utzi egin nuen.

Zelan uztartzen dira erizaintza eta gozogintza?
Oso ondo!  ZIUn nekatuta gaude askotan, arduratuta. Etxera heldu eta gozogintzan hasteak lasaitu egiten nau. Esan behar dut ez naizela geldirik egotekoa, kirola ere egiten dut.

Zer ematen dizu gozogintzak?
Lasaitasuna, eta nik egindako galletak eta postreak janda jendea disfrutatzen ikusteak bete egiten nau, batez ere Galdakaoko ZIUko lankideak gozatzen ikusteak. Eurak dira nire postreen dastatzaile ofizialak. Pandemiagaz oso urduri gaude, nekatua, eta oso ondo dator gozoren bat edukitzea. Batez ere, gaueko txandan. Nahikoa txanda gogorrak dira. Ez dakit zelan, baina beti dago gozoren bat.

Urte gogorra izan duzue osasungintzan.   
Hala da, eta orain txarrago gaudela esango nuke. Jendea nekatuta dago, negatibismo handia igartzen da. Edozein txanda da gogorra.

Ikusten duzu zeure burua erizaintza eta gozogintza aukeratzeko egoeran?
Bai. Zornotzan Bakery bat zabaldu gura nuke. Amets bat litzateke. Lan egin beharra daukat aurrezteko.

Zein postrek du arrakastarik gehien?
Cookie-ek, dudarik barik.

Kanela ezinbesteko osagaia duzu?
Asko gustatzen zait, baina ez da ezinbestekoa. Euskarazko izen bat gura nuen, eta ezin asmatu ibili ginen, Kanela hautsetan sortu zen arte.

Argazkilaritza ere gogoko duzu. Kontzertuetan argazkiak ateratzen ibilitakoa zara. Baduzu baten bat gogoan?
Berri Txarraken azken kontzertua Bermeon, 2019ko urrian. Lehenengo ilaran jarri eta mugitu ere ez nintzen egin. Itzela izan zen. Mundaka Festivalean ere egonda nago, urte bitan. Bikotekidea Mocker's taldekoa izanik, haiekin ere asko ibili naiz. Dena dela, bidaietan  atera ditut gehien.

Europan eta Afrikan ibilitakoa zara. Zein izango da hurrengo bidaia?
Afrikara bueltatzeko gogoa dut. Iaz Kenyan egon nintzen, umezurztegi batean boluntario, eta umeak berriro ikusteko gogo itzela dut. 2018an Zanzibarren eta Tanzanian ere egon nintzen, ZIUko erizain boluntario lez. Oso esperientzia ona izan da, urtero errepikatzeko modukoa. Islandiara ere bueltatu  gura dut; 2018an behien etxalde batean egon nintzen boluntario. Norvegian, Grezian, Londresen, Parisen.... ere ibili naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!