Hondakinen gaikako bilketak %5 egin du gora Zornotzan

Ekaitz Herrera 2021ko mar. 4a, 12:40

Udalak emandako datuen arabera, hondakinen gaikako bilketak %5 egin du gora azken bost urteotan. 

Zornotzako Udalak hondakinen bilketari buruzko txostena egin eta datu batzuk kaleratu ditu. Duela bost urtetik hona %5 igo da hondakinen gaikako bilketa, eta joera hori %1 igota egonkortu da iaztik hona. Hondakin klaseari erreparatuta, honako kopuru hauek jakinarazi ditu udalak: 2019an 309.230 kilo ontzi batu zituzten eta beste 347.220 kilo iaz. Altzarien atalean ere gora egin dute kopuruek. 29.320 kilo izan ziren 2019an eta 31.640 iaz. Azkenik, materia organikoaren bilketaren igoera nabarmendu du udalak. 2019ko 84.460 kiloak atzean utzi eta 103.360 kilo batu zituzten iaz. 

Gaikako hondakinek gora, baina kopuru orokorrak ere gora

Dena dela, hondakinen gaikako igoerak bat egiten du guztira erregistratutako kopuruen gorakadarekin. Izan ere, 2019an %22,8koa izan zen gaika batutako hondakinen ehunekoa. Iaz, %23,7koa. Ia puntu bat handiagoa. Baina guztira batutako hondakin kopuruak ere joera berdintsua izan zen. 2019an 7.518.384 kilo batzetik 7.530.463 kilora batzera pasatu ziren iaz. Hau da, duela %1 gehiago. Horrenbestez, baliteke iaz gaika batutako kopuruen gorakadak kontsumo orokorraren gorakadagaz bat egitea.

Birziklaketaren aldeko kanpaina berria

Zornotzako Udalak "herritarren ahalegina eta konpromisoa" nabarmentzeaz gainera, "birziklatzearen eta edukiontziak behar bezala erabiltzearen inguruko sentsibilizazio-mezua indartu" gura du. Hori dela eta, Udalak kanpaina berri bat jarriko du abian zornotzarrek hondakinen tratamendu egokiak ingurumenean, gizartean eta ekonomian duen garrantzia bertatik bertara ezagutu dezaten. Kanpaina berri hau gaur bertan  honetan bertan hasiko da zabaltzen etxeetan banatuko diren
informazio-diptikoen bidez.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!