Zornotzako udalbatzak Berdintasun plan berria onartu du gaur egindako osoko bilkuran. Udalerrian egiten den hirugarren plana da eta 2023ra arteko egongo da indarrean. Dena dela, plan egonkorra barik, plan "bizia" izango dela aurreratu dute agintariek. Testu berria eguerdi honetatik aurrera kontsultatu ahalko da udalaren web orrian eta Martxoaren 8tik aurrera, liburuxka bat banatuko dute Zornotzako etxeetan.
Ardatz nagusiak
Berdintasun plan berriak 10 programa, 23 helburu eta 76 neurri betetzea aurreikusten du. Horiek dira zenbakiak. Edukiari dagokionez, berriz, honako hauek dira ardatz nagusiak: "Batetik, ikastetxeetan lan egingo dugu. Bertara eramango dugu trebakuntza plana. Astiro-astiro planaren edukiak ikasketa maila guztietara zabaltzea gura dugu", adierazi du Ainhoa Salterain Berdintasun zinegotziak. "Bestetik, berdintasunaren ikuspegia udal langileen artean eta udalak kontratatutako langileen artean txertatuko dugu. Gaiaz sentsibilizatu eta trebatu gura ditugu langileak", azaldu du. Azkenik, parte hartzea handitzeari begirako asmoak daude. "Herriko eragileen parte hartzeagaz Berdintasun kontseilua biziarazi" gura dutela azaldu Salterainek. Andoni Agirrebeitia alkateak, bere partetik, eskerrak eman dizkie planaren lanketan parte hartu duten alderdi, elkarte eta eragile guztiei.
Eragile ugari
Zornotzako elkarte eta eragile ugarik parte hartu dute Berdintasun Plan berrian. 30 inguruk. Besteak beste, Zornotzako ikastetxeek, Armendola Kultur Elkarteak, Betigol taldeak, Amorebieta Kirol Taldeak, Urgozo Txirrindulari Elkarteak, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak dinamikak hartu dute parte testuaren lanketan. "Aniztasuna islatuko duen plana izango da. Hurbilekoa eta errealista. Praktikoa eta malgua", adierazi du Ainhoa Salterainek. Aniztasun horren erakusgarri da testuak feminismoaren intersekzioak jasotzen dituela. "Azalaren koloreagatiko, jatorriagatiko, diru-sarrerengatiko edo orientazio sexualagatiko" diskriminaziorik egon ez dadin egingo dute lan.