Bizikletaren eguneroko erabilera sustatzeko proiektu pilotu bat hasiko dute Zornotzan

Ekaitz Herrera 2021ko ots. 23a, 09:34

Proiektua aurten abiatuko dute, Ziklo Plana ezartzearekin batera. Zornotzako Udalak bizikletaren presentzia indartu gura du gainerako trafikoarekiko bizikidetzan.

Zornotzako Udalak bizikletaren erabilera sustatzeko proiektu bat hasiko du aurten. Kontua da udalak lankidetza hasi duela Orbea enpresarekin, Foru Aldundiarekin, Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Bredako Unibertsitatearekin (Herbehereak); eta aliantza horretatik hainbat proiektu garatuko dituztela, bizikletaren erabilera egunerokoan txertatzen joateko. Besteak beste, azpiegiturak, bizikletaren inguruko enpresa-sorkuntza edo I + G + b arloko prestakuntza bultzatzeari ekingo diote,  elkarlanean. 

Zornotzako Udalak adierazi duenez, udalerriak aholkularitza eta proiektu pilotu bana jasoko ditu. "Teknologia berriekin eta adimen artifizialarekin lan egingo da, mugikortasunaren arloko prestakuntza, enpresa-sorkuntza eta bizikletaren inguruko I+G+b sustatuko da eta kontzientziazio-kanpainak egingo dira ikastetxeetan eta lantokietan, Durangaldeko Mankomunitatean egindako adibidez", azaldu dute udal iturriek. Aurreratu dutenez, proiektuari buruzko hitzarmena sinatuko dute bertan inplikatutako bost aldeek, eta, hortik aurrera emango dituzte proiektuari buruzko xehetasun gehiago.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!