Neska bati egindako eraso sexista salatu du Zornotzako mugimendu feministak

Ekaitz Herrera 2021ko ots. 22a, 12:49

Zapatu gauean mutil batek neska gazte bati eraso egin ziola salatu du Zornotzako Mugimendu feministak. "Ez da mutil honek erasotzen gaituen lehenengo aldia. Sareetatik eduki sexualak bidali izan dizkie hainbat neska gazteri. Tabernetan ere hainbat aldiz ukitu eta jazarri ditu neskak ", adierazi dute. Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzera deitu dute gaur, 18:30etan Erreferendum plazan. 

Horrelakoak modu isolatuan ez direla gertatzen ere salatu dute. "Mutil gazte honek ez du bakarrik jokatzen. Babestu eta sostengatzen duen lagun talde oso bat dauka, eta erasoak izan diren guztietan, lagunaren alde lerratu dira. Biktima zoro gisa tratatuz eta bere salaketa gaitsetziz" , salatu dute. Kuadrilla horretako beste mutil batzuek antzerako erasoak egin izan dituztela ere gaineratu dute eragile feministek: "fotopollak bidali, gure gorputzak ukitu, etxeraino jarraitu, gure portaletako kristalak apurtu, jeloskortasunaren aitzakiarekin gu mehatxatu, aurpegira txistua bota...". Horrelako erasoak ipini dituzte adibide modura.

Kritikak Ertzaintzari

Bestalde, Mugimendu feministak "ezikusiarena" egitea leporatu dio Ertzaintzari. "Biktimak eta haren lagunek erasoen berri eman zioten bertan zeuden ertzainei, eta haiek ezikusiarena egin zuten, beraien zeregin bakarra anti COVID neurriak errespetatzea zirela argudiatuz" adierazi dute. Ertzainei erasotzailea nor zen zehaztu zietela, baina momentu horretan agenteek alde egitea erabaki zutela salatu dute. 

Gertatutako guztia salatzeko elkarretaratzera deitu dute gaur, 18:30etan Erreferendum plazan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!