Zornotzako Ernai gazte antolakundeak ekitaldia egin du Torturaren Aurkako Egunean

Anboto 2021ko ots. 13a, 16:42

Zornotza Ernai gazte mugimenduak egindako ekitaldia (@ERNAIZornotza)

Torturaren Aurkako Eguna da, gaur, otsailak 13. Horren haritik ekitaldia egin du Zornotzan Ernai gazte antolakundeak. 

Gaur bete dira 40 urte Joxe Arregi torturatuta hil zutenetik. Haren omenez antolatzen da Torturaren Aurkako Eguna, gaurko egunez. Zornotzan egin duten ekitaldian Ernai gazte antolakundeak gogoratu duenez, "1960 eta 2014 artean 5.657 tortura kasu egiaztatu dira Euskal Herrian, eta 87 Zornotzan".

"Milaka eta milaka euskal militante politikoren aurkako praktika sistematikoa izan den arren, torturaren inguruan isiltasuna, zigorgabetasuna eta arduragabekeria gailentzen dira oraindik ere. Arduradun politikoek eragindako kaltea aitortzeko urratsik eman gabe jarraitzen dute", Ernaiko kideek salatu dutenez. Ildo horretan, gogoratu dutenez, "herri honen ametsak itotzeko estrategia politikoa izan da tortura. Euskal militante politikoak zigortu, kilildu eta isilaraztekoa".  Gaineratu dutenez, "aitortza eta erreparazioan aurrera urratsik ematea ezinezko egin du torturaren inguruan oraindik ere agintzen duen inpunitateak". 

""Egia eta kontakizun osoa" aldarrikatu du Ernaik. "Euskal Herri aske baten aldeko lanean, inork inoiz ez dezan halakorik berriz pairatu. Memoria berregin eta osatuz, etorkizuna argituko dugu", nabarmendu dutenez.

(@ERNAIZornotza)

Torturaren Aurkako Eguna

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!