Mediterraneoko sukaldaritza, autodefentsa feminista eta argazkilaritza saioak, Zornotzako ikastaro berrien artean

Anboto 2021ko ots. 5a, 11:53

Zornotzako Udalak hemendik eta ekainera bitarteko kultura arloko ikastaroak aurkeztu ditu. 

 

 

Kultura arloko ikastaroak

Zornotzako Udaleko Kultura Sailak otsailetik ekainera bitartean egingo diren ikastaroak aurkeztu ditu. Honako gai hauek jorratuko dituzte: “Mediterraneoko sukaldaritza”, “Gozogintza eta pastelgintza”, “Elikadura Covid garaian”, “Elikadura afektiboa”, “Hasiberrientzako argazkilaritza”, “Photohitzak, argazkilaritza eta literatura tailerra”, “Nire emozioak arte bihurtuz” eta “Oinarrizko dekorazio praktikoa". Ikastaroetan izena emateko epea otsailaren 19ra arte dago zabalik. 

Berdintasun Sailak antolaturikoak

Bestalde, Berdintasun Sailak emakumeei begirako sei ikastaro antolatu ditu: “Sexualitatea norbere burua ezagutzetik plazerrera”, “Begiak irekita maitatzeko artea” , “Nola hitz egin jende aurrean” , “Autodefentsa feminista” eta “Sexualki esplizituak diren dantzen bidez ahalduntzea”. Martxotik aurrera eskainiko dira horiek.

Gazteei begirakoak

Azkenik, udal iturriek nabarmendu dutenez, gazteei begirako ikastaroak ere nabarmentzen dira. “Zure ziklo menstruala ezagutu!” ikastaroa bihar egingo dute. Otsailaren 11ean “Elikadura eta osasuna bizitzaren hainbat alderditan” (online) eta ekainaren 12an burutuko den eta 12-16 urte bitarteko emakumeei zuzenduriko “Autodefentsa feminista” tailerra nabarmentzen dira.

Horrez gainera, urritik martxan dauden Saloi dantza, Bitxigintza, Yoga, Mindfulness, Joskintza edota Zur langintza ikastaroek aurrera jarraituko dute. Horietan tokirik balego, herritarrek bertan izena emateko aukera ere zabalik dute. 

Tailer hauetan guztietan parte hartzeko, emakume interesatuek otsailaren 17ra arte eman
dezakete izena 94 630 01 90 telefono zenbakira deituz edo berdintasuna@amorebieta.eus helbidera idatzita.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!