Amorebieta eta Athletic B, Bigarren B Mailako lidertza jokoan egongo da biharko derbian

Joseba Derteano 2021ko ots. 5a, 13:00
Nico Williams Athletic Bko jokalaria eta Amorebieta taldeko Aimar Sagastibeltza

Bigarren B Mailako bigarren multzoan, orain arteko talde bi onenek indarrak neurtuko dituzte bihar, 16:30ean, Zornotzako Urritxe futbol zelaian. Zornotza liderrak puntu bakarrera du Athletic B. Beraz, lidertza egongo da jokoan.

14 jardunalditan partidu bakarra galdu dute talde biek. Amorebietaren porrota, hain zuzen, Athleticen kontrako derbian izan zen (2-1), iazko azaroan; beraz, biharko derbiak mendeku kutsua ere izango du. Bestalde, Athletic Bk ez daki galtzea zer den bigarren jardunalditik hona: 0-1, Racing Bren kontra.

Amorebietak partidu bat gutxiago jokatu du, joan zen asteburukoa atzeratu egin zelako Barakaldoko jokalari batek positibo eman eta gero.

Athletic B golik gehien sartu duen taldea da (20) eta multzoko goleatzaile nagusia du: Nico Williams, sei golegaz. Koldo Obietak, Amorebietako goleatzaile nagusiak, hiru bider zulatu du aurkariaren atea orain arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!