“Kirola bera aitzakia bat da interesatzen zaidana adierazteko: pertsonak eta sentimenduak”

Joseba Derteano 2021ko ots. 8a, 09:16

Errugbi munduko 130 bat kirolarigaz batu, eta Sergio Monederok ehunka argazkiko artxibotik gutxi batzuk aukeratu ditu erakusketa osatzeko, berezi-berezienak. Kirola bera baino, kirolarien atzean dagoena, barruan gordetzen duten hori ateratzea eta argazkietan islatzea izan du helburu.

Tankera horretako bigarren lana duzu, 2017ko 'Boxeolariak' izenekoaren ondoren. Kirol bietan antzekotasunak aurkitu daitezke. Zergaitik aukeratu dituzu?
Erakargarritasunagaitik. Kirol bi horiek badute arakatu gura nuen erakargarritasun bat. Baina, egia esanda, kirola bera aitzakia bat da benetan interesatzen zaidana adierazteko: pertsonak eta sentimenduak. Azken batean, proiektu bi hauetan, boxeoari eta errugbiari buruz baino, pertsonei buruz ari naiz.

Errugbilariekin zelan lortu duzu bila zenbiltzan hori azaleratzea? Zelan apurtu duzu hesi psikologikoa?
130 bat errugbilarigaz egon naiz. Pertsona bategaz nagoenean, pentsatzen dut bost minutuan ezin dudala atera benetan bila nabilen hori: sentimenduak eta motibazioa. Horregaitik, batutako bakoitzagaz ordu erdi inguru eman dut berbetan, pertsona gehiago ezagutzeko, bere motibazioen berri jakiteko eta kamerarekiko izan dezakeen beldur hori galdu zezan. Horren ostean atera izan dut kamera. Prozesu hori barik berak gura duen argazkia edo jarrera emango zidan pertsona horrek, ez ni bilatzen nenbilena.

Ateratako argazki guztietatik 15 bakarrik aukeratzea prozesu konplikatua izan da?
Demagun bakoitzagaz 100 argazki atera ditudala batez beste. Horien guztien artean, talde, genero eta bestelako hamaika ikuspegi kontuan hartuz, 15 bakarrik aukeratzea zoramena da. Niretzat, aurreko lan guztia baino zailagoa da. Argazki denetatik ehun bat aukeratu eta beste argazkilari batzuei laguntza eskatu diet hortik aurrera egiteko. Erakusketaren harira, atzo hitzaldi bat eskaini nuen Zornotzan, eta erakusketatik kanpora geratu diren argazki batzuk ere erakutsi nituen. Erakutsi gura nuen sarritan zelan aldatu daitekeen pertsona bera argazki batetik bestera. Argazkigintza oso subjektiboa da.

Nongo errugbilariekin egon zara?
Bizkaiko lau taldetako jokalari askogaz egon naiz. Zornotzako Urgozo, Uribealdea, Plentziako Kakarraldo eta Getxo taldeetako jokalariekin batu naiz.

Zer kontatu diezagukezu Zornotzan ikusgai dagoen erakusketari buruz?
Hamabost erretratu dira, koloretakoak eta nahikoa neurri handikoak. Hasieratik argi nuen denak koloretakoak izango zirela, kamiseten koloreak eta abar nabarmentzeko. Boxeolarienak, ostera, zuri-beltzezko argazkiak izan ziren. Genero aldetik oreka bilatzen ahalegindu naiz. Zaila da. Ez dut gura nuen beste emakume aurkitu. Emakumeak proiektu osoaren %10 dira gutxi gorabehera. Erakusketan presentzia gehiago ematen ahalegindu naiz eta hiru bat argazki emakumeenak dira.

Argazkiak testuekin lagunduta daude?
Ez, argazkiak bakarrik dira. Ez naiz testuak gehitu zalea. Argazkiak berez berba egin behar duela uste dut. Gainera, ikuslearen interpretazioa ere aske utzi gura dut. Sentimenduei buruz ari naiz eta uste dut bakoitzak bere pentsamoldetik, bere kulturatik eta aldean daraman motxilatik argazkien interpretazio propioa egin behar duela.

Errugbilarien feedback-ik jaso duzu erakusketaren inguruan?
Erakusketako argazkietakoei ilusioa egiten die euren burua han ikusteak. Bestela, proiektuan parte hartu duten horiek uste dut ulertu dutela sentimenduei buruz berba egitea zela nire helburua.

Errugbilari horiek guztiak gertutik ezagutu ondoren, mundu horren gaineko zer ondorio atera duzu?
Niretzat oso interesgarria da jakitea pertsona batek zergaitik aukeratu duen kirol hori, kasu honetan errugbia. Kirola egite soilagaitik den, lagun taldeak sortzen direlako den, estresa kentzeko formula  den… Errugbiaren kasuan, filosofia bategaz atxikipen bat dutela ikusi dut.

Estereotipoen atzean dagoena deskubritu duzu?
Bai. Baina boxeoan oraindino handiagoa izan zen deskubrimendu hori. Denok aurreiritzi batzuk ditugu, boxeolariak jende oldarkorra izan daitezkeela, eta antzerakoak. Kontua da errealitatea horren guztiaren kontrakoa dela. Pentsatzen nuenaren guztiz kontrakoak diren munduak eta pertsonak ezagutu nituen.

COVID-agaz, zelan dago erakusketak antolatzeko kontua?
Egia esan, apur bat zaila da erakusketak programatzea. Lehenengoa Portugaleten izan zen, iazko azaroan. Zornotzatik Plentziara joango naiz, datorren hilean. Beste herri batzuetan ere hitzartuta ditut erakusketak, baina ez dakit noiz izango diren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!