'Zornotzanerosi' plataformak herriko dendarien produktuak ikusgai ipiniko ditu interneten

Anboto 2021ko ots. 1a, 11:16

Zornotzako Udala herriko dendarien produktuak eta zerbitzuak ezagutarazteko plataforma bat lantzen dabil. Plataformak 'Zornotzanerosi' izena izango du eta aurreikuspenen arabera martxoan egongo da martxan.

Lanean ari dira oraindik, baina laster ikusiko du argia. Zornotzako Udalaren Enplegua eta Ekonomia Sustatzeko saila herriko merkataritza bultzatzeko online plataforma sortzen ari da. Internet atariak Zornotzanerosi izango du izena eta aurreikuspenen arabera martxorako egongo da martxan. Udal iturriek azaldu dutenez, plataforma "lehiakortasuna hobetzeko eta tokiko merkataritzaren berehalako eta etorkizunko erronkei aurre egiteko diseinatuta" egongo da. Hiru aukera eskainiko ditu: merkatariaren izendegi-fitxa sortzea, erakusleiho denda bat ipintzea eta online denda bat ipintzea.

"Tokiko merkataritzari bultzada sendo bat emateko itxaropenez", udalak herriko establezimenduei dei egin die Zornotzanerosi plataformara atxikitzea. Informazio gehiago gura dutenek 946300002 telefonora deitu edo sustapena@amorebieta.eus helbidera idatzi dezakete.

Gastuak eta ardurak

Udalak beregain hartuko ditu plataforma sortzeko kostua eta datozen bi urteetarako mantenu lanak. Behin bi urte horiek pasatuta baina, establezimenduak berak hartuko luke kudeaketaren gastu osoa, beronek sare sozialetan publizitatea egiten jarraitu gurako balu. Hirugarren urtetik aurrera, bere establezimenduaren ondoriozko mantentze teknikoaren ardura ere hartuko luke.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!