Kart-etan Gaztela eta Leongo txapelketa irabazita, Ioritz Zalloetxebarria zornotzarrak nazioarteko proba batean debutatzea du amets

Joseba Derteano 2021ko urt. 30a, 11:30
Erdian Ioritz Zalloetxebarria erdian Gaztela eta Leongo kart txapelketa irabazi ostean.

Ioritz Zalloetxebarria Meabek (Zornotza, 2007) karting-erako dituen dohainak erakutsi ditu Gaztela eta Leongo txapelketan, junior mailan txapeldun geratuta. Espainiako iparraldeko txapelketarik garrantzitsuenak kart gidari euskaldunak, galiziarrak, asturiarrak eta burgostarrak batu ditu, besteak beste.

Gaztela eta Leongo lau zirkuitutan zortzi lasterketa lehiatu ditu Zalloetxebarriak. Ponferradan hirugarren postuan amaitu zituen lasterketa biak. Benamarielgo proban heldu zen bere lehenengo garaipena, eta hirugarren postu bat ere lortu zuen. Aranda de Dueron beste podium bi —hirugarren eta bigarren—eskuratu zituen. Azkenik, Villarcayon, orain aste bi, amaiera ezin hobea eman zion txapelketari lasterketa biak irabazita [42.55 minutua eta 2.08.35 minutua]. Gainera, borroka polita eta estua mantendu zuen senior mailako Tania Garcia eta Lino Collado asturiarrekin.

Babesle bila
Karting mundua kirol garestia da eta finantziazio falta oztopo izaten da sarritan gidari gazteen garapenean. Esaterako, Ioritz Zalloetxebarria Valentzian jokatutako txapeldunen lasterketara gonbidatu zuten, baina ezin izan zen joan, gastu handia zelako.

Aurten Espainiako Txapelketako edo nazioarteko probaren batean parte hartzea gustatuko litzaioke, baina, horretarako, babes ekonomikoa behar dutela adierazi du Jon Zalloetxebarriak, Ioritzen aitak, eta babesle bila dabiltza. Laguntzeko interesa duen edonork telefono honetara deitu dezake: 686 82 53 24.

Auto lasterketen munduko familia

Jon Zalloetxebarriak ibilbide luzea du autoen lasterketen munduan. Motokrosean Bizkaiko txapelketa irabazi eta Euskadikoan podiuma zapaldu ostean, lau gurpiletara igaro zen eta urte askoan Euskadiko Rally Txapelketa lehiatu izan du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!