Zornotzako Udalak enplegua sortzea sustatzeko diru-laguntzak onartu ditu

Anboto 2021ko urt. 28a, 12:02

Asmo horretara 60.000 euro bideratu dira.

Laguntzak lantokiak dituzten eta langabezian dauden pertsonak kontratatzen dituzten, behin-behineko kontratu bat mugagabe bihurtzen duten edo lanaldia gutxienez %50era luzatzen duten enpresa edo erakundeentzat izango dira. Era berean, enpresa-ekimen bat gauzatzen duten langabeei diru-laguntzak ematea arautzen da.

2020ko abenduaren 10etik 2021eko abenduaren 9ra bitartean egin diren langabeen lan-kontratazioek jaso ahal izango dituzte laguntzak. Kontratatutako pertsonek zein ekintzaileek Zornotzan erroldatuta egon beharko dute bi kasu hauetariko batean: azken 5 urteetan etenik gabe; edo, 15 urteko epealdia kontuan hartuta eta etenaldiekin, gutxienez bost urtez erroldatuta egotea.

Diru-laguntzen zenbatekoak

Zornotzan lantokiak dituzten eta udalerriko langabetu bat kontratatzen duten enpresa edo erakundeek 5.000 eurorainoko diru-laguntza jasoko dute. Bestalde, langile baten lanaldia gutxienez % 50 handitzen dutenek, gehienez, 4.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute. Laguntza horiek Gizarte Segurantzako gastuetarako erabili beharko dira.

Bestalde, sortu berri diren negozioek 4.000 eurorainoko laguntzak jaso ahal izango dituzte, Gizarte Segurantzako gastuetarako zein material teknikorako.

Eskabideak zelan egin

Eskabideak deialdia Bizkaiko Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 2021eko abenduaren 9ra arte aurkeztu ahalko dira Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan. Hitzorduak aldez aurretik hartzeko moduak udaleko webgunean aurkitu daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!