Zornotzako gaztetxean lapurretan egin dute

Ekaitz Herrera 2021ko urt. 18a, 09:57

Munarri gaztetxeak salatu duenez, urtarrilaren 16ko gauean lapurrak sartu ziren eraikinera. Dirua eta materiala ostu zuten. "Gaztetxeari lapurtzea herriari lapurtzea" dela salatu dute Munarriko kideek.

Lapurrak beheko solairuko leihoa apurtuta sartu ziren eraikinera. Bertan zegoen diru guztia eraman zuten eta baita gazteek eraikina atontzeko baliatzen duten materiala ere. Munarri gaztetxeko kideen esanetan, gertatutakoa ez da kasu isolatua. Azken boladan, beste hainbat gaztetxetan antzerako erasoak gertatu direla salatu dute. Adibide modura ipini dituzte Portugaleteko Sastraka gaztetxearen aurka piztutako sutea, edo Durangoko Sorginolan eta Larrabetzuko Hori Bai-n egondako lapurretak. 

Munarriko kideek adierazi dutenez, "gaztetxeari lapurtzea herriari lapurtzea da". Erasoen gainetik, herri proiektuak garatzen jarraituko dutela adierazi dute. Jasotako elkartasuna eskertu dute gazteek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!