Zornotzako Udalak 242.458 euro bideratu ditu aurten gizarte-larrialdietara

Anboto 2020ko abe. 29a, 13:43

2020an, 195 eskaera erregistratu dira 242.458,37  eurotako guztizko gastuarekin; laguntza horien % 46 ohiko etxebizitza mantentzera bideratu dira; % 43 etxebizitza alokatzera edo hipoteka-kreditua ordaintzera, % 7,3a lehen mailako beharrak betetzera, eta % 2,85a bestelako gastuetara, udaleko ohar batean azaldu dutenez.

Sozialki, kolektibo ahulenei eman die "lehentasuna", besteak beste, zailtasun ekonomikoak dituzten familiei. Martxotik maiatzera bitartean, 15 egunean behin, elikadurako eta higieneko lehen mailako produktuak eman zituen, BM Amorebieta-Etxano, Eroski, Lidl, Kaitana Panaderías eta Iraunkor Elkartearen lankidetzari esker. 170 familiari lagundu ziren 52.694 euroko guztizko gastuarekin.

Ekainatik abuztura, Eroskiren txartel solidarioa jarri zen abian, behar zuten familiek premia biziko produktuak erosteko baliabideak izan zitzaten. 85 familiari eman zitzaien arreta 43.650 eurorekin. Irailetik aurrera, berriz, premia horiei gizarte-larrialdietarako laguntzen bidez erantzun zaie. Laguntza horiek 9.500 eurotakoak izan dira eta 18 familia izan dira onuradunak.

Horrez gainera, nabarmendu dutenez, Gizarte Ekintza Sailak telefono bidezko etengabeko jarraipena egiten diela pertsona ahulenei, Zainduz programako zaintzaileei, Nagusi Aretoaren bidez identifikatutako isolamendu-egoeran dauden bizilagunei eta zentroko zerbitzuak erabili ohi dituzten eta une honetan beren etxeetan jarraitzen duten adineko eta mendeko pertsonei. 850 dei inguru egin dira guztira. Irailetik aurrera, zaintzaileei Zainduz programaren laguntza presentziala eman zaie berriz ere; gaur egun, 23 zaintzaileri ematen zaie arreta hau.

Era berean, osasun-alarmako egoeran zehar erreferentziako Eguneko Zentrora joaterik izan ez duten erabiltzaileei ere telefono bidez laguntzen diete. Gaur egun, Adineko Pertsonentzako Eguneko Zentrora 23 erabiltzaile joaten dira (edukiera % 75era murriztua), Adimen-Desgaitasunen bat duten Pertsonentzako Eguneko Zentrora 21 erabiltzaile joaten dira (edukieraren % 100) eta bertaratzen ez diren pertsonei telefono bidezko jarraipena egiten diete. Udaleko Eguneko Arreta Zerbitzura 7 pertsona joaten dira (edukieraren % 100).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!