[ARGAZKIAK] Zornotzako Udalak lehiaketara atera ditu Larrabide eta Karmen kaleetako irisgarritasuna hobetzeko lanak

Anboto 2020ko abe. 28a, 16:00

Besteak beste, Larrabide eta Karmen kaleak lotuko dituen igogailu bat eraikiko dute.

Zornotzako Udalak "laster" hasiko du Larrabide eta Karmen kaleen arteko irisgarritasuna hobetzeko eta azken hori berriz urbanizatzeko lizitazio-prozesua, udaleko ohar batean informatu dutenez. Obrek sei hilabete inguru iraungo dute, 900.000 euroko aurrekontuarekin. Kontratazio orria onartuta dago eta horrela, obren lizitazio prozesua "lehenbailen" hasiko da. 

Proiektu honen bidez, igogailu bat jarriko da Larrabide kaleko 4. atariaren eta Luis Urrengoetxea kaleko 14. atariko eraikinaren artean eta Karmen kaleko 12. atariaren parean, goiko alderaino igoko dena. Gainera, eskaileren zati bat kenduko da eta oinezkoentzako eskailera paraleloak jarriko dira, irisgarritasuna hobetzeko.

Igogailua beiraz estaliko da, 630 kilo (8 pertsona) eraman ahalko ditu eta honako neurriak izango ditu: 1,40 metro x 1,10 metro. Gainera, tarteko geraleku bat izango du, Karmen kaleko 21. atarira sartzeko. Orain arte eskaileretatik bakarrik sar zitekeen bertara.

Karmen kalean espaloi zabalagoak oinezkoentzat

Karmen kalea ere berrurbanizatuko da, 21. eta 29. atarien artean. Oinezkoentzako zabalera handituko da eta aparkatzeko ilara bat ere sortuko da. Udaleko iturrien esanetan, berrurbanizazio lanekin, "behin betiko konponduko da" Karmen kaleko 23. eta 25. atarietako irisgarritasunaren arazoa, eskailera berriak eta arrapala irisgarria eginez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!