"Gure dendetan erosten duten bezeroei erosketaren %10eko balioa duen bonua ematen diegu taberna batean kontsumitzeko"

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 11a, 12:00

Roberto Extremiana (Zornotza, 1959) eta Lola Del Moral (Zornotza, 1973) Zornotzako arropa saltzaileetariko bi dira. Lola, Don eta Frida dendetan erosten duten bezeroei erosketaren %10eko balioa duen bonua ari dira eskaintzen, berau Saltxa tabernan kontsumitzeko. 

Dendako irabazien %10 herriko taberna bati laguntzera bideratzen ari zarete. Nondik dator ideia?
Zelanbait, herritarrek eman diguten guztia eskertzeko modu bat da egitasmo hau. Konfinamendutik irten genuenean, Zornotzako herritarrek primerako erantzuna eman zuten. Egoerak komertzio txikiok kolpatu gaitu, baina herritarrek asko lagundu digute. Horregaitik, haiei eskerrak emateko modu bat da hau. Azaro bueltan, ostalaritza zarratuko ote zuten zurrumurrua zabaldu zenean, egitasmo hau egitea pentsatu genuen eurei laguntzeko. Salgaiei deskontu bat aplikatzea pentsatu genuen, diru hori, gerora, taberna bati bideratzeko.

Zelakoa da egitasmoaren mekanika?
Txartel batzuk kaleratu ditugu. Gure arropa-dendetan erosketaren bat egiten duten bezeroei erosketaren %10eko balioa duen bonu bat ematen diegu, txartel hori tabernan kontsumitzeko baliatu dezaten. Demagun bezero batek 20 euroko erosketa bat egiten duela gure dendetako batean. Bada, euro biko bonu bat emango genioke, hartara tabernan euro biko deskontua jaso dezan. Zornotzako hainbat tabernatako bezeroak gara, baina uneotan zerbitzua batek bakarrik eskaini izan duela-eta, eurekin ari gara elkarlanean: Saltxa tabernagaz. Proposamena bota genien eta onartu zuten. Ez gaude beste tabernetara zarratuta, baina eurekin hasi gara.

Zer-nolako harrera izaten ari da egitasmoa bezeroen artean?
Orokorrean oso ona. Elkarlana goraipatzen dute. Bestalde, ikusi dut udalak komertzioei laguntzeko borondatea duela. Amorebonoak hor daude. Laguntzen ari dira, eta hori eskertzekoa da.

Komertzio txiki guztien artera estrapolatzeko moduko ideia dela iruditzen zaizue?
Bai. Ideia ona delakoan nago. Barne kontsumoa indartzen ari gara, herri barrukoa. Eta ez elkartasun hutsagaitik, sen onagaitik baino. Herrian gaude eta elkarri lagundu behar diogu. Lehiakorrak izan behar dugu Internetegaz. Erosketak egitera bultzatu behar ditugu herritarrak, etxetik kalera irten dezaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!