'Izurdeen lekua' kaleratu duzu. Zer topatuko du entzuleak disko honetan?
Hamaika kantu berri, batez ere. Bizitzen nabilen momentu jakin bat islatzen duen lan bat, urte bi eskasean egindakoa. Nire bizitzako zatitxo bat islatzen du. Zati horretan buruan erabili ditudan soinuak islatzen ditu.
Zuretzat zer suposatzen du lan honek?
Lan berri bat egiten duzun bakoitzean emozioak berjaiotzen dira. Egin dudan hainbatgarren lana da eta konturatzen naiz beti dela ezberdina, baina beti dela antzekoa. Ez gara atzokoak baina ez gara herenegungoak ere, eta, beraz, normala denez beti da ezberdina. Baina emozio indartsu bat sentitzen duzu, emozio horretan dago ilusioa, kezka eta zalantza daude, besteak beste.
'Izurdeen lekua' abestiak ematen dio izena diskoari.
Izurdeen lekua apiril amaieran maiatz hasieran jaio zen, konfinamenduaren azkenetara. Ondarroar batek txundituta deitu zidan. Ondarroan, Atxazpi inguruan, izurdeak zebiltzala esan zidan. Poztu eta harritu egin nintzen, bera hain harrituta ikusita. Eta harridura hori, izurdeak bere tokian ez zeudelako baino gehiago, ez ote dator guk geuk galdu genuelako geure lekua sasoi hartan. Harridura geurea da, ez izurdearena. Esan gura dut bizi genuen sasoi horrek piztu zuela harridura, ez piztien bizitzak. Hor badago gogoeta bat bizi genuen garaiari buruz.
Bestetik, kantuak badu beste interpretazio bat ere. Ikusi genuen hainbat basapiztik euren tokia berreskuratu zutela, eta gu harritu egin ginen. Eta nire galdera da musikariok ere ez ote dugun harridura bera sortzen jende batengan, dedikatzen gareleko dedikatzen garenera.
Azken lanean amari abesten diozu.
Bai, diskoko hirugarren abestian. Hiru ahizpatik bigarrena abestian ama aipatzen dut, izen eta abizen. Bera ez litzateke ados egongo, oso diskretua zen eta. Gure kontrara, beti fokuetatik kanpora. Badago jendea bizitza bide isil batean pasatzen duena, molestatu barik, eta horietariko bat zen gure ama. Isiltasun hori konpentsatzeko beharrizana nuen nik. Gura nuen ez bakarrik ama aipatu, baizik eta kantatu eta ahal banuen indartsu kantatu. Amaren bizitzaren atzean epika dago, borroka epiko bat. Eta hori islatu gura nuen. Ez nuen aho txikiagaz abestu, garrasi egin gura nuen. Amaren arima zenbait kantutan agertzen da. Disko honek doluan harrapatu nau. Horrek ez du esan gura doluari abestu diodanik, ezta minari ere. Izurdeen lekua dolutik idatzi dut, mundu lainotsu batetatik, mundu magiko batetik. Gatx bada sinisten ere, doluak badu bere alde ederra.
Gitarra alde batera utzi eta pianoagaz konposatu duzu oraingoan. Zer dela-eta aldaketa?
Era naturalean etorri da. Azken lau urteak pianoagaz lanean pasatu ditut, orain dela gutxi amaitu dudan bira bat prestatzen. Lehenago ez nekien eta 2017an hasi nintzen pianoa jotzen. Disko honek horrela harrapatu nauenez, gitarra alde batera utzi eta pianoagaz konposatu dut. Musika ateratzeko beste modu bat ekarri dit pianoak.
'Izurdeen lekua'-n izan duzu kolaboratzailerik?
Bai, gonbidatu bat izan dut, Alison Keable. Margolaria lanean ere abestu zuen eta oraingoan kantu baterako ekarri dut. Niretzat oso kolaborazio garrantzitsua izan da. Hain justu, Alisonek Arkaitz Canoren letra daraman abesti batean kantatu du, Ura dakartzut abestian. Horrez gainera, Kirmen Uriberen esalditxo bat daraman kantu bat ere badago. Kantu laburra, esaldi bakarduna. Oh izenekoa. Nik poema batetik lapurtutako esaldia da hau. Berak oraindino ez daki. Berari grazia egitea espero dut.
Lana *Zart Kolektiboagaz kaleratu duzu. Zer da kolektibo hori?
*Zart Kolektiboan sei lagun gara eta helburu berberak partekatzen ditugu. *Zart Kolektiboa Harkaitz Canok, Elixabeth Macklindek, Alain Urrutiak, Oier Arazanbalek, Rafa Ruedak eta nik neuk osatzen dugu. Elkarlana bultzatu gura dugu eta gure gerizpetik kanpora elkarlan hori sorrarazi gura duen talde bat da gurea. Horrez gainera, ardura eta anbizio berdinak ditugu, euskara dugu ardatz. Gure ahaletik munduan eragin gura dugu.