Azaroak 25

Zornotzako neska gazteak Suhaziak taldean batu dira, euren adinekoen arazoei aurre egiteko

Joseba Derteano 2020ko aza. 25a, 13:19

Suhaziak izenak berak definitzen ditu taldearen jatorria eta nortasuna: belaunaldi berri bateko 'haziak' dira eta matxismoari 'su' emateko jaio dira. Neska gazteen problematika neska gazteen begiradatik identifikatu eta borrokatu gura dute, inoren zain egon barik.

2016an, GaztEraiki topaketen barruan, Euskal Herriko feminista gazteek elkar ezagutzeko eta hartu-emanak sendotzeko aukera izan zutenetik, makina bat talde sortu dira eta Euskal Herriko Neska Gazteak mugimenduaren barruan kokatzen dira. Talde horietariko bat da Zornotzako Suhaziak. "Azkenean, Zornotzan gabezia hori zegoela ikusten genuen, ez zegoela neska gazteak batzen zituen mugimendu edo sarerik eta Suhaziak sortzea erabaki genuen", azaldu du taldeko kide den Ainhoa Aurtenetxek.

Aurten gorpuztu dute taldea eta martxoaren 8an irten zuten kalera lehenengoz, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Handik gutxira, koronabirusa heldu zen eta euren ibilbide-orria eten egin behar izan zuten. Esaterako, uztailerako jardunaldi batzuk antolatu gura zituzten Zornotzan, barne lanketan sakontzeko, baina osasun krisiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zuten ekimena.

Sare sozialetan kanpaina
Kaleko mugimendua murriztuta dagoenez, sare sozialen bitartez ahalegindu dira. Euskal Herriko Neska Gazteek proposatutako kanpainagaz bat egin zuten, esaterako. 'Normaltasuna desnormalizatzen' izeneko kanpaina horren helburua zen neska gazteek egunerokotasunean pairatzen dituzten zapalkuntzak argazkien bitartez eta modu sinbolikoan islatzea sare sozialetan eta. modu horretara, normal moduan hartzen diren egoera horiek desnormalizatzen saiatzea. Sare sozialetan, eta ekimenak harrera ona izan zuen eta emaitza euren sare sozialetan ikusi daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!