2018an, Euskaraldiaren lehenengo aldian, ia 2.000 herritarrek parte hartu zuten hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketan. Bariku honetatik abenduaren 4ra arte garatuko den bigarren aldirako, berriz, 1.100 herritarrek eman dute izena ahobizi ala belarriprest izateko. 900 bat gutxiago dira. Oraindik, ekimenari azken bultzada bat emateko aukera dago, izen-ematea azaroaren 24ra arte luzatu dutelako, eta herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte. Izen-ematea euskaraldia.eus webgunean egin daiteke.
Herri guztietan nabaritu den joera dela azaldu dute eta hainbat faktoreren ondorioa izan da. Kanpo faktoreetako bat pandemia eta hark eragindako errealitatea da. Herritarrek izandako zalantza batzuk ere argitu dituzte. "Batzuek arigune moduan izena eman dutenez, pentsatu dute horregaz nahiko zela eta Euskaraldian parte hartuko zutela, baina ez, horrez gainera norbanakoek izena eman behar dute. Beste batzuek zalantza izan dute aurten izena eman behar zuten ala ez, 2018an emana zutelako. Izena eman behar da berriro txapa eskuratzeko", azaldu du Lezuri Sanz euskara teknikariak. Amaia Aurrekoetxea euskara zinegotziak eta Ainhoa Salterain Herritartasunerako arduradun politikoak ere parte hartu dute prentsaurrekoan.
91 Arigune
Aurtengo aldian entitatei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zaie, arigune figuraren bidez. Zornotzan 91 arigune izango dira. Euren artean daude udala, kirol elkarteak, kultur elkarteak, komertzioak, ostalariak eta enpresak. Identifikagarri bat izango dute bertan euskaraz egin daitekeela adierazteko.
Euskaraldiaren harira Zornotzarako antolatu duten egitaraua eta euretan parte hartzeko argibideak LOTURA HONETAN ikusi daiteke.