Udaberrian hasiko dituzte San Antonio auzoaren inguruetan, N-634 errepidea hobetzeko lanak

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 16a, 13:29

Eubatik Montorrara arteko tartea hobetuko dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Zornotzako Udalak. Besteak beste, biribilgune bat eta oinezkoentzako goi-pasabide bat ipiniko dituzte San Antonio auzoan, Inbisa industrialdearen parean. 

Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak eta Imanol Pradales Azpiegituretarako Foru diputatuak agerraldia egin dute gaur San Antonio auzoan. N-634 errepidea hobetzeko lanen ezaugarriak eman dituzte ezagutzera. Ia bi kilometroko eremuan egingo dituzte lanak, Eubatik Montorrara arteko tartean, nagusiki, San Antonio auzoaren bueltan. 

Pradalesek obren nondik norakoak kontatu ditu. Inbisa industrialdearen parean biribilgune bat ipiniko dute eta trafikoa bideratzeko erraketa moduko bat Montorran. Honez gainera, oinezkoentzako goi-pasabide bat ipiniko dute San Antonion, alde bietako auzotarren joan-etorriak lotzeko eta segurtasunean irabazteko. "Obra hauei esker industrialdeetako sarbideak hobetuko dira, trafikoa apalduko da eta oinezkoentzako segurtasuna hobetuko da". Udaberrian hasiko dituzte lanok eta gutxi gorabehera 16 hilabete iraungo dute. Pradalesek gaineratu duenez, "N-634 errepidea zutabe da Durangaldearentzat eta Bizkaiarentzat. Inguru honetatik 26.600 ibilgailu pasatzen direla egunero, eta horietatik %14,4 kamioiak dira".

Agirrebeitia alkatearen esanetan "albiste oso ona da, batik bat San Antonioko auzotarrentzat". Puntu-beltz ugari konponduko dira. Industrialdeetarako sarrerak ere bai. Eta hori Zornotzako herriarentzat ona da" adierazi du. Auzotarrek udal gobernu taldeari emandako "konfiantza eta pazientzia" eskertu ditu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!