Dinamikako antolatzaileek Euskaraldiaren atariko ariketa lez ulertzen dute Gaztealdia. Euskara aktibatu gura dute haien inguruetan. Horregaitik, hemendik eta azaroaren 19ra arteko egunetan, Euskaraldiaren bezperara arte, bederatzi gazteek euskara hutsean bizitzeko konpromisoa hartu dute. "Ariketaren helburua da, labur esanda, gazteok euskaraz bizitzearen alde lerratzea. Hortaz, egitasmoak izan dezakeen irismena baliatu nahi dugu, euskaraz bizitzeko ditugun oztopoak azalerazteaz harago, gazteon kontzientziak pizteko eta aktibatzeko, hau da, euskararen erabileraren aldeko hautua egiteko. Bederatzi gazte ezberdinek, belaunaldi baten kontakizuna ardaztea da helburua", azaldu dute.
Ariketa honen inspirazioa Lutxo Egia idazle bilbotarrak 2015ean egindakoa du oinarri. Orduko hartan, euskara hutsean bizitzeko ariketa egin zuen Egiak Bilbon, hilabetean.
Gaztealdiaren atzean toki hauetako gazteak daude: Bizkaiko Topa Gaitezen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko euskara taldeak, Iep! Ibaetako Unibertsitateko euskara taldea, Gasteizko EHUko euskara taldeak, Baionako Bernart Etxepare Lizeoko Ikasle Asanbladako euskara taldeak, eta Galdakaoko Bagabiz euskara elkarteko gazteak. Maialen Arteaga da Durangaldeak Gaztealdian duen ordezkari bakarra.
Gaztealdia amaituta, bederatzi gazteak Euskaraldian murgilduko dira.