Ekimen honen helburua, Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma bere aretoetatik ateratzea da, hortik erakusketaren izaera ibiltaria. "Publikoak pinakotekaren ondare komun aberatsaz gozatu ahalko du, eta bere garrantziaz jabetzeko aukera izango du, artearen historiako hainbat garai eta eskolatako artista handien obra nabarmenen bidez", azaldu dute bertako iturriek.
Bisita dinamizatuak eta hitzaldi-solasaldiak egongo dira. Hitzaldiak Zelaietako auditorioan izango dira. Emakumeen irudikapena BAEMen bilduman berbaldia eskainiko du Alicia Garcia Santosek azaroaren 13an; azaroaren 17an, ostera, Arantxa Pereda Angulok Ibilbide bat euskal artean barrena Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduman hitzaldia eskainiko du.