Erabiltzen ez diren objektu teknikoak dohaintzan emateko sareagaz bat egin du Zornotzako Udalak

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 27a, 13:24

Zornotzako Udalak bat egin du Laguntza Teknikoen Bankuagaz. Herritarrek soberan dituzten tresnak dohaintzan eman ahalko dituzte, beharrizanak dituzten beste herritar batzuk laguntzeko, eta, bide batez, objektuei bigarren bizitza bat emateko.

Ohe artikulatuak, eskaren aurkako koltxoiak, etxeko garabiak, makuluak, ibiltariak, gurpil-aulkiak edo higiene-aulkiak. Zornotzarrek soberan dituzten objektuak eman ahalko dizkiete beharrizanak dituzten beste herritar batzuei. Aukera hori Zornotzako Udalak eta Laguntza Teknikoen Bankuak hasitako elkarlanetik dator. Izan ere, Laguntza Teknikoen Bankuak bilketa masiboa antolatu du Bizkaian. Urriaren 26an hasi zen eta azaroaren 16an amaituko da kanpaina. Dohaintzan emandako artikuluak mendekotasun-egoeran edo mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei mailegu solidarioak egiteko erabiliko dira.

Laguntza emateko gunea Nafarroa Zentroan dago, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:00etara bitartean. 94 440 91 16 telefono-zenbakira deituta edo bat@fundacionabueloactual.org helbidera idatzita ere eman daitezke dohaintzak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!