Proba 09:00etan hasiko da, Zubiondo parketik. 1.000 metroko desnibel positiboa du eta Belatxikieta ingurutik eta Urtemondo gainetik igaroko dira, besteak beste.
Lehenengo, faboritoek irtengo dute, bana-banan eta 30 segundoko tartea utzita batak bestearengandik. Ondoren, gainerakoek irtengo dute, binaka.
Korrikalari gutxiago
Parte-hartzaile kopurua ohi baino murritzagoa izango da. Legez, 200 korrikalarik parte hartu zezaketen, baina 160ra murriztu dute kopurua. "Hasieran 100era mugatu genuen, baina dortsalak segituan amaitu ziren. Hori dela-eta, kopurua handitzea erabaki genuen, baina 200era heldu barik, jende pilaketak ahalik eta gehien ekiditeko. Azkenean, 160 korrikalarik izango dute dortsala", azaldu du proba antolatzen duen Zornotza Mendi Taldeko Igor Lopez kideak.
Maila handia gizonetan
Maila handiko gizonak datoz lasterketara. Aritz Egea, Asier Larruzea eta Beñat Katarain nabarmendu daitezke, besteak beste, eta baita eskualdeko zenbait korrikalari ere: Julen Ozaeta eta Oier Ariznabarreta durangarrak, Ibon Etxebarria zornotzarra eta Gontzal Murgoitio elorriarra. Murgoitiok Sorginen Lasterketa irabazi du oraintsu, erakustaldia emanda, eta irabazteko hautagaien artean dago.
Emakume kopurua, gorantz
Emakumezko parte-hartzaileak askoz ere gutxiago dira, 15 guztira, baina orain arteko kopururik handiena da. "Parekidetasunaren helburutik urrun gaude oraindino, baina beste pauso bat da", diote antolatzaileek. Irabazteko faboritoen artean, Eztizen Duque dago. Portugaletearrak podiuma zapaldu zuen Sorginen Lasterketan, hirugarren tokian sailkatuta. Lau korrikalari Durangaldekoak dira: Araitz Villa abadiñarra, Inma Rafael eta Zutoia Odriozola elorriarrak eta Montse Morote otxandiarra.
Jende pilaketak eragozteko, lasterketako dortsalak korrikalarien etxera bidali dituzte aurten. Lasterketan, korrikalari bakoitzak bere janaria eta edaria eraman beharko ditu. Hala ere, hornidura puntuetan edateko aukera egongo da.
Iker Karrerak bere biografia liburua aurkeztuko du bihar
Bere ibilbideko goiburuen artean daude 2013an irabazitako Tor Des Geants proba eta 2014ko Mont Blanc ultra traila. Bigarren amaitu zuen han. |