Olazar txapelketa bihar hasiko da, Aimar Morgaetxeberria zornotzarraren estreinaldiagaz

Joseba Derteano 2020ko urr. 14a, 11:04

Olazar pilota txapelketak bihar hasiko du aurtengo ibilbidea. Durangaldeak ordezkari bakarra izango du aurten: Aimar Morgaetxebarria. Aste bi barru 18 urte egingo dituen zornotzarrak estreinaldia izango du Zaldibarko txapelketan. Apurka, afizionatuetan erreferente diren txapelketetan muturra sartzen dabil Lagun Onak taldeko pilotaria. Iaz, esaterako, Mallabiko Biharko izarrak txapelketan debutatu zuen.

"Hain txapelketa inportanteetara ez dute edonor gonbidatzen eta ilusioz nago", onartu du atzelari gazteak. Sekula ere ez du jokatu bikotekide izango duen Gaizka Karregal galdakoztarragaz, baina pozik dago egokitu zaion aurrelariagaz, afizionatuetako "pilotaririk onenetarikoa" dela uste duelako. Bikote hau ez dago irabazteko faboritoen artean, eta, gainera, Morgaetxebarriak bizkarreko lesio batetik irten berri du. Oraindino "sentsazioak berreskuratzen eta beldurra kentzen" dabilen arren, txapelketan "lan ona" egin gura du.

Morgaetxebarriak eta Karregalek txapelketako lehenengo partidua jokatuko dute eguenean. Garcia eta Cuiran izango dituzte aurkari. Lau t'erdian Beñat Etxeita zeanuriztarrak eta Iker Egiguren azpeitiarrak neurtuko dituzte indarrak.

Aurtengo txapelketan 24 pilotari arituko dira binaka, eta beste 12 lau t'erdian. Ohi baino 12 pilotari gutxiago dira. Osasun krisiaren ondorioz, txapelketaren kudeaketa eramangarriagoa izan dadin hartu dute erabakia, eta baita data hauetan txapelketa asko daudelako ere. Jardunaldiak eguenero jokatuko dira, 21:30ean. Finalak abenduaren 31n jokatuko dituzte, ohikoa den moduan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!