Herritarren parte hartzeagaz batera egingo dute Zornotzako Berdintasun plana

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 7a, 12:48

Zornotzako Udalak galdetegi bat prestatu du herritarrek berdintasunaren arloan dituzten beharrak eta iritziak plazaratu ditzaten. Zornotzan egiten den hirugarren Berdintasun plana izango da honakoa. Faseka garatuko dute.

Zornotzako Udalak III. Berdintasun plana osatzeari ekingo dio. Galdetegi bat diseinatu du eta herritarren esku ipini du, horregaz, herritarrek parekidetasunaren arloan dituzten beharrizanak eta iritziak zeintzuk diren ezagutzeko. Udalaren esanetan herritarren parte-hartzea "funtsezkoa" da eta Berdintasun planaren diagnosia, ebaluazioa eta idazketa ahalbidetuko du. Inkestan parte hartu gura duten herritarrek web orri honetara jo beharko dute. Azaroaren 15ean amaituko da bertan parte hartzeko aukera.

Udalak jakinarazi du faseka landuko dela Berdintasun plana. Lehehengo atalean orain arte indarrean egondako plana ebaluatuko dute. Bigarren fasea galdetegi honi dagokio. Hirugarren atalean, berriz, plan berria idatziko dute.

Informazio gehiagorako udalaren web orriko berdintasun saila kontsultatu daiteke.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!