Martxan daude Zornotzako ludoteka eta Gaztetxoko zerbitzuak

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 28a, 14:55

Ludotekan 45 minutuko hiru txanda egongo dira. Adinaren arabera antolatu dituzte. Aurretiazko hitzordurik ez da beharko, baina segurtasun neurriak bete beharko dira ezinbestean. 

Zornotzako Udalak Zelaieta zentroko ludoteka eta gaztetxoko zerbitzuak aktibatu ditu ostera ere. Jada ohikoak diren babes neurriez gainera (maskarak, distantzia eta eskuen desinfektatzea), beste neurri batzuk hartu dituzte.

Ludotekan hiru txanda ipini dituzte. Umeek adinaren arabera joan ahalko dute bertara. 3 eta 6 urte artekoek 17:00etan eta 18:00etan sartu ahalko dute bertara. 7 urtetik gorakoak, berriz, 19:00etan sartu ahalko dute. Kasu guztietan 45 minutuko egonaldia egin ahalko dute umeek. Gehienez, 12 haur egon ahalko dira barruan aldi berean. 

Gaztetxokoa ohiko ordutegiagaz zabalduko da. Domekatik eguenera egongo da zabalik, 17:00etatik 20:00etara. Barikuan eta zapatuan, berriz, 17:00etatik 21:30ak arte. Gehienez ere 20 gazte egon ahalko dira barruan.

Bai ludoteka eta bai Gaztetxokoa erabiltzeko Ametx txartela beharko da. 

Mendi martxa eta Gauero

Urriaren 4an Andres Espinosaren urteroko mendi martxa egingo dute, 10:00etan. Gauero gaueko aisialdi programa, berriz, urriaren 1an bueltatuko da Gauerodiskoagaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!