“Ospitaleetako aurrekontua hazten joan da, eta lehen arreta zerbitzukoa ez; ondorioz, handitu egin da bien arteko lubakia”

Joseba Derteano 2020ko ira. 25a, 09:30

COVID-19ak aspalditik arrastaka zetorren arazoa lehertarazi du osasun zentroetan. Osagileek baliabide gehiago eta lan baldintza duinagoak eskatzen dituzte, lan kargari aurre egin ahal izateko. Horixe eskatzeko kontzentratu ziren joan zen barikuan osasun zentroetako atarietan. Zornotzakoan parte hartu zuen Luis Rodriguezek (Bilbo, 1985), hango osagilea delako. Lehen Arreta Arnasberritzen plataformako kidea ere bada.

Osasun Zentroen balioa eta han egiten den lana ez dela behar beste baloratzen esan izan duzue.
Bai, horrela da. Orokorrean, osasun sistema publikoak ondo funtzionatu dezan oso garrantzitsua da lehen arreta zerbitzu eraginkorra izatea, gaixotasun askori aurrea hartzeko balio duelako. Esaterako, diabetes kasu bat txarto kontrolatuta dagoenean, dialisia behar duten pertsonen kopurua handitu egiten da edo ultzerak sortzen zaizkie. Hori gastu bat da osasun publikoarentzat eta inportantea da jakitea etorkizunean horrelako gaixotasunak edo gaixotasun kronikoak ugaritu egingo direla, geroago eta gizarte zaharragoan bizi garelako. Baina lehen arreta zerbitzuan egindako diagnostiko arin batek eta gaixotasunaren jarraipen egoki batek gastu horiek aurreztu ditzake. Ikusten ez den lana da, grafikoetan agertzen ez den datu bat eta, beharbada, horregaitik ez zaio ematen merezi duen garrantzia eta ez da inbertitzen zerbitzu honetan. Hedabideen aurrera irtetean, politikari batentzat ikusgarriagoa da ospitale baterako erosi duten azken teknologia berria erakustea, eta dinamika horretan sartuta gaude. Ospitaleetan geroago eta diru gehiago inbertitzen da eta lehen arretan geroago eta gutxiago. 2008ko krisitik datorren joera da. Orduan, aurrekontu guztiak murriztu zituzten, baina harrezkero ospitaleetakoa hazten joan da apurka, eta lehen arreta zerbitzukoa ez. Ondorioz, handitu egin da zerbitzu bien arteko lubakia. Lehen arretako zerbitzu egoki bat eskaintzeko, Osasun Saileko aurrekontuaren %25 zerbitzu horretara bideratu behar dela esaten dute, baina gaur egun %17aren inguruan gabiltza.

Inbertsio gabezia zertan igartzen da gehien?
Batez ere pertsonalean. Zenbat eta jende gutxiago, orduan eta denbora gutxiago dugu paziente bakoitza artatzeko. Kontsultak nahi baino azkarrago egin behar ditugu eta ezin ditugu nahi beste etxerik etxeko bisita egin. Sarritan ez dugu astirik. Urteetan honela funtzionatu dugu: mediku edo pediatra batek oporrak hartzen bazituen edo bajan bazegoen, oso gutxitan egoten ziren ordezkapenak. Geundenon artean konpondu behar genuen.

COVID-19ak gehiago azaleratu du lehenagotik zetorren arazoa?
Bai. Sistemaren arazoak disimuluan pasatu daitezke funtzionatzen dabilen bitartean, baina kolapsatzen bada, orduan azaleratzen dira denak. Horixe gertatu da COVID-19agaz. PCR probak egitea, euren jarraipena…

Lan karga asko handitu zaizue.
Hori da. PCRak egin behar dira eta egin ditzakegu, baina pertsonal gehiago behar da. Ez gara makinak. Esaterako, gaur egun gure erizain bat aztarnari lanetan dabil lanaldi osoan. Osakidetzak erizain gehiago kontratatuko balitu lan horiek egiteko, gure erizaina beste zeregin batzuetara dedikatzeko moduan egongo litzateke. Baina une honetan ezin du.

Diozunez, pertsonala handitzea da zuen eskakizun nagusia, baina Jaurlaritzatik esan izan dute ez dagoela pediatra eta familia mediku nahikorik eskaerari aurre egiteko.
Momentu honetan egia da. Baina geure buruari honakoa galdetu behar diogu: "Zergaitik gaude egoera honetan?". Aurreikuspen faltagaitik gaude honela. Urte asko daramatzagu arazo honegaz eta ez zaio behar den moduan heldu. Kalkuluen arabera, mediku guztien heren bat jubilatu egingo da hurrengo hamar urteen barruan. Horiek denak ordezkatzeko, mediku gehiago trebatu behar dira eta plaza kopurua handitu egin behar da. Horrez gainera, familia medikuen baldintzak hobetu behar dira. Asko atzerrira, ospitale pribatuetara edo Osakidetzako beste zerbitzu batzuetara joan dira, baldintza hobeak eta kontratu egonkorragoak dituztelako.

Eguneroko jardunean zer sentipen eragiten dizu gura zenukeen guztira heldu ezinak?
Frustrazioa, sarritan. Esaterako, etxean zainketa aringarriak behar dituen bategaz zaudenean, garrantzitsua da, lan medikuaz gainera, pazienteak dioena entzutea, emozioak kudeatzen laguntzea, berari denbora bat eskaintzea… Baina agenda beteta daukazunean, burua beste nonbait egon daiteke eta ez diozu nahi beste denborarik eskaintzen. Baina baliabide gehiago barik ezin dugu ezer egin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!