Zornotzako Udalak 24.000 Amorebono saldu ditu orain arte herriko ekonomia dinamizatzeko helburuarekin

Anboto 2020ko ira. 18a, 13:53

Oraindik beste 33.000 bonu daude eskuragarri.

Amorebono 2020 ekimenaren barruan salgai jarritako 57.000 bonuetatik 24.000 saldu dira orain arte. Egitasmoaren inpaktu ekonomikoa 477.940 eurokoa da, udalak kanpainara bideratutako inbertsioa 285.000 euroko izan denean, udaleko ohar batean jakinarazi dutenez.

Neurria merkataritzari, ostalaritzari eta lehen sektoreari zuzenduta dago, baita parte hartu nahi duten Zornotzako negozio guztiei ere, baldintza bat betez gero: enpresa hauen lan-taldeak ezingo dira 25 langile baino gehiagokoak izan. 

Oraindik 33.000 bonu daude eskuragarri. Nahi duenak 20 euroko bonoak eros ditzake eta abenduaren 15era arte trukatu ahal izango ditu. Kontsumitzaileek 15 euro ordaintzen dituzte bonu bakoitzeko eta gainerako bost euroak udaletxeak ematen ditu. Interesatuek Herritarren Arreta Zerbitzuan erosi ditzakete bonuak, 07:30tik 15:00etara. 

Ekimenarekin bat egin nahi duten saltoki eta negozioek izena emateko orria erabil dezakete helbide elektroniko honetan: sustapena@amorebieta.eus edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan bertan, astelehenetik ostiralera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!