“Sorkuntzak berme batzuk behar ditu; buruak lasai egon behar du, ez fakturetan pentsatzen”

Aritz Maldonado 2020ko ira. 20a, 10:00

Oihane Amantegi zornotzarrak (1985) 'Ibaiertzeko ipuina' kaleratu du aurten, bere lehenengo eleberria. AEBetako hegoaldeko bazter galdu bateko ibaiertz batean bizi den jendeari buruzko istorioa dakar liburuak, besteak beste. Elkar argitaletxeagaz kaleratu du.

Koronabirusak planak aldatu arren, zelako harrera izan du liburuak?
Feedback ona jaso dut orokorrean. Asmoa nuen herriko liburutegian aurkezteko, eta orain arte aukerarik izan ez badut ere, udazkenean aukera hori baliatzen ahaleginduko gara. Udaberriko katalogoan atera bada ere, atzeratu egin da plazaratzea, pare bat hilabete. Ez nuen espero, jorratzen den gaiagaitik, baina udako irakurketa bihurtu da, hein batean.

Gai potoloari eutsi diozu. Zelan ikusten da heriotza haur baten ikuspuntutik?
Gozotasun handiagaz, suposatzen dut. Idatzi ahala konturatu nintzen horixe zela ikuspuntu egokia istoriorako. Oso intuitiboki hasi nintzen, pasarte solteak idazten eta. Koherentzia bat zuela ikustean erabaki nuen umearen ahots hori mantentzea. Argi nuen heriotzari buruz berba egin gura nuela, baita ikuspuntua umearena izatea gura nuela ere. Inozentzia horretatik kontatu gura nuen.

Espazio geografikoa elementu garrantzitsu bilakatzen da istorioan.
Elementu batzuek indarra hartzen dute istorioak aurrera egin ahala. Esparru geografikoa azaletik agertzen da, ez dakizu mapan non ipini, baina atmosfera oso jakina da. Kontzienteki harturiko erabakia da. Zehaztasun handirik eskaini barik, irakurleak jolasteko, imajinatzeko, ariketa hori egitea bilatzen nuen. Umearen ahotsetik eta inozentziatik kontatu gura nuen, irakurleak ere imajinazioagaz irakurtzeko.

Idazterako orduan ere, jolas moduan hartu duzu? Disfrutatu egin duzu idazten, ala sufritu?
Bietatik egon da (barrez). Sufritu, beharbada, ez dut sufritu idazterakoan. Asko disfrutatu dut. Pasarte batzuk berrirakurtzerakoan, idatzi nituen momentu horretan disfrutatzen ikusten dut neure burua. Une batzuetan zailtasunak izan nituen, noski, ideia batzuk lotzerakoan, baina guztiak enkajatu ahala gozatu egiten nuen.

Musika asko ere entzun dut, istorioa musikari ere lotuta dagoen heinean. Liburuaren amaieran hiru abesti agertzen dira, testuan zehar txertaturik doazenak. Niri, adibidez, ez zait gustatzen musika entzutea irakurtzerakoan, baina egongo da jendea irakurri ostean abesti horiek ipiniko dituena, edo irakurri aurretik, atmosfera egiten joateko. Irakurlearen esku uzten dut hori.

Lehenengo liburua izatera, igarri duzu presiorik?
Ez. Idazten hasi nintzeneko momentua lasaia izan zen, ez ariketa kontziente bat. Gero, sariketa pare batera aurkeztu nuen, eta horrek istorioa egituratzen lagundu zidan; asko lagundu zidan gaur egungo itxura emateko. Azken ukitua eta egituraketa editoreagaz batera egin nituen; ordurako nahiko borobildua zegoen, eta ez nuen batere presiorik eduki.

Lehenengo berbak 2014koak izan daitezkeela uste dut. Hilabete batzuetan oso presente nuen idaztea, eta beste batzuetan apur bat gutxiago. Horrek arnasa hartzen eta finkatzen lagundu diola esango nuke.

Idatzi duzu ezer azken hileetan, itxialdian?
Ez. Oraintsu hasi naiz berriro idazten. Beharbada baten batek lortuko zuen, baina desmitifikatu egin gura dut itxialdiaren eta sorkuntzaren arteko lotura. Idazleon sorkuntza baldintzak nahiko prekarioak izan ohi dira oro har, eta prekaritate egoera horretatik idaztea ez da erraza. David Lynchen Atrapa el pez dorado liburuan irakurri nuen buruak lasai egon behar duela sortzeko, baldintza egokiak behar dituela. Bere eskolakoa naiz ni, sorkuntzak ekosistema seguruago bat eskatzen du nire ustez, berme batzuk. Ezin zara egon arduratuta fakturak zelan ordaindu. Eta kalitatezko denbora eskatzen du, batez ere. Zaila da garbantzuak lapikoratzea beste hainbat lanetan ibili behar baduzu. Eta hori aldarrikatu egin behar dela uste dut, gainera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!