Zailtasunak atzean utzita, Zornotzako euskaltegiak prest daude ikasleak hartzeko

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 8a, 12:47

Zornotzako AEK-k, udal euskaltegiak eta Barnetegiak hasiera eman diote ikasturte berriari. Ikasketa sistema osasun egoera berrira moldatu dute inor euskara ikasi ezinda geratu ez dadin. Izena emateko epea zabalik dago. Udalak gogoratu du ikasleak diruz lagunduko dituela.

"Beldurrak uxatu. Koronabirusari buruz ere euskaraz egin dezagun berba", esan du gaur Idoia Zuloagak, Zornotzako udal euskaltegiko zuzendariak. Zornotzako euskaltegiek (udal euskaltegiak, AEK-k eta Zornotzako barnetegiak) agerraldia egin dute gaur Amaia Aurrekoetxea euskara zinegotziagaz batera. Ikasturte berria aurkeztu dute, eta Zuloagak aipatutako aipu horrek ezin hobeto deskribatzen du egoera. Koronabirusak zailasunak ekarri dituela aitortu dute denek. Baina nabarmendu dute dena prest dutela euskara klaseegaz jarraitu eta aurrera egiteko. Aurrez aurreko klaseez gainera, klase telematikoak eta online ikastaroak indartu dituzte. Presentzialak diren klaseetan segurtasun neurriak bermatuko dituzte.

Aurrez aurreko klaseez gainera, Zornotzako barnetegiak online klaseak eta klase telematikoak, biak, garatuko ditu. "Klase telematikoak asistentzialak izango dira eta ikasleak pantailaren beste aldean klaseak segitzen daudela kontrolatuko dute. Online klaseetan ez da aurrez aurreko klaserik eskainiko" azaldu du Maribi Zuloaga zuzendariak. 

AEK-ko Igor Landaluzek onartu du "ikastaro ezohiko eta gogorra" izan dela orain artekoa, baina oso pozik agertu da ikas-talde guztiei eutsi dietelako. Gutxi gorabehera 80 inguru dira Zornotzako AEKn izena emanda dauden ikasleak. Aurrez aurreko klaseak eta internet bidezkoak, biak, eskainiko dituzte. Zornotzarrei eta inguruko herrietako kideei dei egin diete AEKra lasai gerturatzeko.

Zornotzako udal euskaltegiak ere aurrera begira jarraituko du. Adin eta profil guztietako ikasleak hartzen jarraituko dute orain arte bezala. "Talde guztiek amaitu dituzte ikastaroak, eta guztia aurrera atera badugu, irakasleen lan eskergari esker izan da", azaldu du Idoia Zuloaga zuzendariak. Aisa emakume taldearekin batera ere klaseak ematen jarraituko dute.

Amaia Aurrekoetxea zuzendariak gogoratu du udalak diruz-lagunduko dituela klaseetan izena ematen duten ikasleak. Gainera, asistentzia eta lorpen-eskakizunak malgutu dituzte. Urrian "Berbaldia" programa izango dela aurreratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!