Zornotzako Udaleko gobernu taldeak Forjarien eraikinaren okupazioa gaitzetsi du

Anboto 2020ko uzt. 30a, 11:52

Gobernu taldeak prentsa oharrean dioenez, bat egiten dute inguruko “auzokideen kezkarekin eta larritasunarekin".

Zornotzako Gazte Asanbladak Munarri Gaztetxea sortu zuen Forjarien jauregian orain egun batzuk. Okupazio hori kritikatu du orain udaleko gobernu taldeak. Hartara, udalak "bere eskumen-eremuan, lankidetzarako konpromisoa berretsi du, jabeek ondasun-higiezin horiek ahalik eta lasterren berreskuratu ditzaten". Vusa eraikuntza enpresa da eraikinaren jabea.

Gobernu taldeak okupazio honi buruzko hausnarketa egin du: "Okupa mugimenduak justifikatu egiten du erabiltzen ez diren espazio publikoen legez kanpoko okupazioa, baldin eta helburu soziala badu. Errealitatea bestelakoa da, ordea, ustez jendez hutsik dagoen lokal baten sartzen baitira; baina ez dago desokupatuta, ez utzita. Horrela, egitate-bidea erabiliz, bertan geratzeko egoitza lortzen dute".

Gobernu Taldeak gaineratu duenez, "Zornotzako Udalak baliabide nahikoak eta integralak ditu gazteen beharrizanetarako, baita gizarte babeserako sare ondo garatua ere premia duten familientzako. Beraz, ondasun-higiezinak legez kanpo okupatzearen kontra agertzen da; hori egiten duen kolektiboa edozein dela ere, jabeen baimenik ez badute".

Gaztetxeko kideek berriz,  beste iritzi bat dute. "Gazteok espazio propio bat eraikitzeko beharra ikusi genuen, proiektu sozial bat garatu eta herrian elkartasuna eta elkarzaintza sustatzeko", azaldu dute Gaztetxeko kideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!