Karmen eta Larrabide kaleen inguruko irisgarritasuna hobetuko dute igogailu bat ipinita

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 24a, 15:00

Zornotzako Udalak Larrabide eta Karmen kaleen arteko irisgarritasuna hobetzeko proiektua onartu du gaurko osoko bilkuran. Igogailuaz gainera, inguruak ere irisgarriago egingo dira. Pandemiaren bilakaerak ahalbidetzen badu, urbanizazio lanak datorren 2021eko udan hasiko dituzte.

Karmen kalea eta Larrabide kalea lotzen dituen gaur egungo pasabideak itxura berria hartuko du etorkizunean. Udalak berritu egingo du ingurua, eta igogailu bat ipiniko du kale bien arteko lotura hobetzeko. Ez hori bakarrik. Pasabideko argiztapena hobetu eta kamerak ere ipiniko dira inguruaren segurtasuna hobetze aldera. 

Igogailua  lanen zati bat baino ez da. Andoni Agirrebeitia alkateak osoko bilkura amaituta egindako adierazpenetan esan duenez, "igogailu batetik hasi zena, inguru osoari eragingo dion proiektu eraldatzaile batean bilakatuko da." Izan ere, Karmen kalearen 23 eta 25 zenbakietako inguruak aldatuko dituzte auzotarren irisgarritasuna hobetzeko. Gaur egun, inguru horrek ez ditu irisgarritasun irizpideak betetzen, eta Ibilgailuentzako arrapalak zein auzotarren eskailerak eguneratuko dituzte etorkizunean. Anartz Gandiaga hirigintza zinegotziak azaldu duenez, proiektua auzotarrekin batera adostutakoa da. 

EAJ eta PSE-EE, alde; EH Bilduk eta Elkarrekin Amorebietak, abstentzioan

Gaur goizean egindako osoko bilkuran onartu dute proiektua EAJren eta PSE-EEren botoekin. EH Bildu eta Elkarrekin Amorebieta abstenitu egin dira. Karmen kalearen inguruko irisgarritasuna hobetzea "ondo" dagoela eta "beharrezkoa" dela iritzi dio Ander Uriartek (EH Bildu), baina "zalantzak" agertu ditu proiektuan egon litezkeen "diru-xahuketak" direla-eta. Uriarteren esanetan, proiektuan barnebildutako hiri-altzariek "igogailuak berak baino gehiago balio dute". Pandemiaren testuinguruan aurrekontu "apalagoak" behar direla dio. Elkarrekin Amorebietak ere antzeko berbak izan ditu. Bere garaian proiektua babestu zuela azaldu du Alba Gutierrez zinegotziak, baina azaldu du "bizi dugun egoeran", proiektuko hainbat gauza ez direla "lehentasuna".

Gaur egun inguruak duen itxura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!