Zornotzako alkateak maskara erabiltzea eta jokabide arduratsua izatea eskatu die herritarrei

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 15a, 10:47

Zornotzan bihartik aurrera jai egunak izango direla-eta, ardura indibidualaz jokatzea eskatu die Andoni Agirrebeitiak herritarrei. Udalak ez du kale-egitaraurik prestatu aurten, baina agintariak arduratuta daude eremu pribatuan, kalean zein tabernetan eman daitezkeen jokabiderekin. 

"Inguruko herrietan agerraldiak ematen ari dira; ez dugu Zornotzan halakorik egon dadin gura", adierazi du Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Datozen egunetan jai egunak izango dituzte herrian. Udalak ez du kale-giroko inolako ekitaldirik antolatu. Jende pilaketak ekidin gura dituzte  eta internet bidezko egitaraua prestatu dute horretarako. Dena den udal agintariak kezkatuta daude herrian, egunotan, eremu pribatuko ospakizunetan, kalean eta tabernetan egon daitezkeen jokabideekin. 

Hori dela eta zuhurtzia eta jokabide arduratsuak izatea eskatu du alkateak. Hiru neurri zehatz hartzea eskatu die herritarrei: maskara erabiltzea, distantzia mantentzea eta eskuak sarri garbitzea. "Azken egunotako portaera batzuk ez dira eredugarriak izan. Arriskuak ekidiin behar ditugu zornotzarren osasuna babesteko. Konfinamenduan zehar hainbat herritar hil da eta beste hainbatek sufritu dute", ekarri du gogora.

Kanpaina berezia

Zornotzako Udalak kontzientziazio kanpaina hasiko du horretarako. Bihartik aurrera lau begirale egongo dira kaleetan eta maskara erabiltzeko gomendioa emango diete herritarrei. Ez duenari maskarak emango dizkiote. Bestalde, osasuna babesteko argibideak helaraziko ditu etxeetako buzoietara.  "Badakit maskara erabiltzea gogaikarria dela, baina momentuz ez dugu beste irtenbiderik", azaldu du Agirrebeitiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!