"Arreta pertsonala da gurea; lehenengo eskutik ezagutzen ditugu laguntzen diegun herritarren beharrizanak"

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 5a, 10:30

"Ikusi dugu egoera ez dela leundu. Jendea laguntza eske etortzen da. ERTEan daudenak eta egoerari eusteko zailtasunak dituzten herritarrak etortzen hasi zaizkigu. Baita ERTEa kenduta ezer barik geratu direnak ere. Konfinamenduan baino jende gehiagori eskaintzen diogu arreta". Nerea Lauzirika Marquinez (Gasteiz, 2000) Zornotzako Elkartasun Sareko kidea da. Beste hainbat gaztegaz batera, oinarrizko beharrizanak asetzen laguntzen die Zornotzako hainbat herritarri.

Astero-astero elikagaiekin eta higiene produktuekin osatutako kaxak banatzen dizkiete beharrizana duten herritarrei. 150 bat herritar babesten dituzte gutxi gorabehera. "Familiak dira gehienak, baina badago bakarrik bizi den herritarren bat edo beste ere. Familien erdiak, gutxi gorabehera, migratzaileak dira. Beste erdiak, ez-migratzaileak. Guraso bakarreko familiak dira kasu askotan, hau da, ama batek eta seme-alabek osatutakoak", azaldu du Lauzirikak.

Elikagaien ekarpena hainbat bidetatik jasotzen dute. Herritar indibidualen ekarpenaz gainera, Zornotzako komertzioen eta elkarteen dohaintzak jasotzen dituzte. "Xiberu tabernak, esaterako, esnea ematen digu astero. Usubiaga okindegiak ogiz hornitzen gaitu. Herriko arraindegiak eta harategiak ere primeran erantzuten dabiltza", adierazi dute. Edozelan ere, Elkartasun Sareko kideek onartu dute egoera "geroago eta txarragoa" dela. Hasieran elkartasun uholdea izan zuten, baina, diotenez, hori apaldu egin da "jendeari ezin zaiolako egunero dirua edo hornidura eskatu". "Bakoitzak bere arazoak ditu", dio Lauzirikak. Horregaitik, hainbat modu bilatzen dabiltza egoerari eusteko eta herritar gehiagorengana heltzeko.

Deia udalari
Egoera geroago eta larriagoa delaeta, Elkartasun Sareak inplikazio handiagoa eskatu dio Zornotzako Udalari. Ekaineko osoko bilkurara jo zuten eskariak egitera. Besteak beste, baliabide gehiago ematea, pobrezia egoeran daudenentzat informazio gune bat ipintzea edo herriko saltokietan elikadura-bonuak ipintzea eskatu zuten. Elkartasun Sareko kideek azaldu dutenez, sarea martxan ipini zutenean hasi ziren udalagaz hartu-emanean. "Elkarlan bat sortu guran hasi ginen, baina udalak esan zigun, boluntario modura lan egin gura bagenuen, Gurutze Gorrira jo behar genuela haiekin lanean hasteko. Baina gurea askoz arreta pertsonalagoa da. Laguntzen diegun herritarren beharrizanak lehenengo eskutik ezagutzen ditugu, badakizkigu euren izenak, eta herritar bakoitzaren izenaren atzean, azken finean, hartu-eman bat dago. Gurutze Gorriak egiten duen lana oso inportantea da, baina gurea gertukoagoa da. Batak ez du bestea kentzen", argudiatu du Lauzirikak.

Zornotzako Elkartasun Sareak hor kokatzen ditu udalari egindako inplikazio eskariak. "Gu pozik gaude gure boluntario lanagaz, baina iruditzen zaigu zerbitzu publiko batek instituzio publikoek lagunduta egon behar duela. Udala gehiago inplikatu behar delakoan gaude", adierazi du Lauzirikak. Egoera geroago eta larriagoa den arren, Zornotzako Elkartasun Sareak bere konpromisoa berretsi du. Aurrera begira jarraituko dutela azaldu du Lauzirikak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!