Zornotzako Harrera Taldeak eta Elkartasun Sareak baliabide gehiago eskatu dizkiote udal gobernuari, beharrean daudenei laguntzeko

Joseba Derteano 2020ko eka. 27a, 09:00
Zornotzako elkartasun sareko Nerea Lauzirika azalpenak ematen, atzo goizeko udalbatzarrean.

Udal gobernuaren jarrera kritikatu eta euren eskakizunak zerrendatu zituzten atzoko udalbatzarrean.

Lehenengo, euren lanaren berri eman zuen Elkartasun Sareko Nerea Lauzirikak. "Une honetan egiten duguna 150 pertsona ingururi elikagaiak banatzea eta laguntza eta aholkularitza eskaintzea da", azaldu zuen. Horretarako herritarren, hainbat eragileren eta denda txiki batzuen laguntza jasotzen dute. Baina "ezin diegu herritarrei etengabe dirua eta janaria eskatu eta lehenago edo beranduago 150 pertsona baino gehiago jateko barik geratuko dira".

Hasieran, udaletxeko Gizarte Ekintzako zinegotziarekin jartzen ziren harremanetan, Gizarte Zerbitzuekin bitartekaritza eginez. "Baina bat-batean Gizarte Ekintzako zinegotziak harreman hori eten zuen, oso lanpetuta zegoela argudiatuz". Sinesten dute lanpetuta egongo dela, baina ez zaie aitzakia nahikoa iruditzen. Kritiko agertu ziren udaleko gobernu taldea osatzen duten EAJ eta PSE alderdiekin ere. "Email bidez jarri gara zuekin harremenetan eta ez diguzue ez erantzun eta ez lagundu". "Mespretxuz" tratatu dituztela uste dute eta "ezikusirena" egin dietela.

Ondoren, Zornotzan bizi diren etorkin bik hartu zuten hitza eurek bizi duten egoera kontatzeko. "Babesgabe" sentitzen dira eta bizitza berri bat hasi gura dute Zornotzan, baina "ezin dute". Harrera Taldeko ordezkariaren ustez "pobrezia eta migrazioa sarriegi doaz lotuta eta ez da euren arazoa, gizarte arazoa da".

Eskakizun zehatzak

Azalpenen ondoren, euren eskaerak zerrendatu zituzten: Pobreziari aurre egiteko baliabideez informatuko duen informazio gune bat, emergentziei aurre egiteko etxebizitza gehiago, laguntza ekonomiko hobeak, aterpetxe propio bat herrian, Zornotzako komertzioetan ere erabili ahal izateko udal elikadura bonoak, formakuntza sustatzeko garraio bonoak eta zerbitzu sozialentzako baliabide eta pertsonal gehiago.

Alderdien iritzia

Andoni Agirrebeitia alkateak (EAJ) ez du uste "inor mespretxuz" tratatu duenik.  Alkatea denetik "ateak irekita" izan dituela esan zuen, baina hala ere komunikazio bideak hobetzearen alde agertu zen. "Aintzat hartzen ditugu mahai gainean jarritako proposamenak". Aurrerantzean gauzak "batera" lantzeko asmoa azaldu zuen, beti ere udal administrazioa diren heinean, prozedura batzuk jarraitu behar direla gogoratuz.

EH Bilduko Begoña Atxak "elkartasuna" erakutsi zien beharrean dauden pertsonei. "Aldarrikapenak geure egiten ditugu eta zintzotasun osoz lanean jarraituko dugu egoera horiei buelta emateko". Baita zehaztu zuen udaleko batzordeetan plazaratu izan dituztela egoera eta beharrizan horiek.

PSE-EEko Alicia Hernandezek esan zuen berak jasotako mezu bakarra "euskaraz idatzitako email" bat izan zela eta ez dakienez euskaraz, ez zuela edukia ulertu. Hala ere, eurekin batzeko prest zegoela adierazi zuen.

Azkenik, Elkarrekin Podemos-eko Alba Gutierrezek "elkartasuna" erakutsi zien beharrean daudenei. Elkartasun Sarekoak "zoriondu" zituen egindako lanagatik eta "lanerako konpromiso irmoa" erakutsi zuen.

Abdelilah eta Salah marokoarrak dira jatorriz, Zornotzan bizi dira gaur egun eta euren egoeraren berri eman zuten udalbatzarrean.


Atzoko udalbatzarreko irudia. Segurtasun neurriak jarraituz, zinegotzi batzuek telematikoki jarraitu zuten udalbatzarra, telebista pantaila baten laguntzarekin:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!