Ergoiengo San Juanen ur hornidura sarea berritzeko lanak hasiko ditu Zornotzako Udalak

Maialen Zuazubiskar 2020ko eka. 23a, 11:35

Datorren astelehenean, ekainak 29, Ergoiengo San Juaneko ur hornidura sarea konpontzeko lanekin hasiko dira, eta hiru hilabeteren buruan lanak amaituta egotea aurreikusten dute. Lanak egiteko 130.000 euro bideratuko ditu Zornotzako Udalak. 

Zornotzako Udalak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, gaur egun ur hornidurarako auzoan dagoen lurpeko depositu zaharra erabiltzen dute eta honek kloraziorako eskuzko sistema bat dauka. Udalak jakitera eman duenez, lan hauekin edukiera handiagoa eta efizientzia gehiago duen depositu bat jarriko da, eta egun dagoen sarera lotuko da. Gainera, banaketa sarearen zati handi bat berrituko da.

Horrez gain, depositu berriaren hornidura elektrikoa eguzki-xaflen bidez egingo dela, eta kloraziorako sistema automatiko bat izango duela jakinarazi dute, besteak beste. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!