Zornotzan Ganeko igerilekuak uztailaren 1ean zabalduko dituzte

Anboto 2020ko eka. 18a, 14:52

Segurtasun neurri "zorrotzak" jarri dituzte, "erabiltzaile guztien osasuna bermatzeko".

Instalazioek ordutegi berria izango dute, eta bi txanda egongo dira. Astelehenetik ostiralera, goizeko txanda 10:00etatik 15:00etara izango da, eta arratsaldeko txanda 16:00etatik 21:00etara. Larunbat, igande eta jaiegunetan ordubete arinago itxiko da, 20:00etan.

Gainera, igeri egiteko ordu tarte batzuk ere egongo dira: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 11:00etara eta 20:00etatik 21:00etara, eta asteburuetan goizeko lehen orduan. Kale bi edo hiru gordeko dira horretarako, une horretan dagoen aforoaren arabera.

Neurri soziosanitarioei dagokienez, "ireki aurretik Udalak instalazioak goitik behera desinfektatuko ditu, eta denboraldi guztian eguneroko garbiketa eta desinfekzioa areagotu egingo da", udalak ohar batean azaldu duenez. Bestalde, erabiltzaileek "bakoitzak bere maskara" eraman beharko dute, eta desinfektatzeko gela bertan egongo da.

Aforoa eta sartu-irteerak

Gainera, instalazioetara sartzeko gaur egun dauden tornuak kendu egingo dira. Haien ordez, sartzeko eta irteteko noranzkoak, lurrean jarriko diren seinaleen bidez adieraziko dira, eta manpara bat jarriko da bereizteko.

Aforoa osasun arauek ezarritakora mugatuko da, eta instalazioetara zein igerileku barrura sartzen den jende kopurua zenbatzeko sistema batekin kontrolatuko da. Libre dauden plazak zenbat diren edozein momentutan jakin ahal izango da, horretarako jarri den sistema informatikoari esker. Informazio hori edozeinek ikusi ahal izango du udalaren web orrian (www.amorebieta-etxano.eus), eta 94 6850914 telefonoan edo aurrez aurre ere kontsultatu daiteke.

Aldagela eta dutxen erabilerari dagokionez, indarrean dagoen osasun araudiak ezarritakoa bete beharko da aforoari eta erabilera eta garbiketa baldintzei dagokienez.

Eguzkia berdegunean bakarrik hartu ahal izango da, eta pilotalekua eta tenis pista zarratuta egongo dira, baita aldageletako terrazak ere. Halaber, taldeen arteko distantzia gorde beharko da eta objektu pertsonal guztiak segurtasun perimetroaren barruan egon beharko dira, gainontzeko erabiltzaileekin kontaktua ekidinez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!