Haizetara kaleko musika jaialdiaren 15. edizioa izan behar luke uda honetakoak. Kalean beharrean, etxean gozatu beharko da, baina, osasun alarmaren ondorioz. Hamalau urteko ibilbidea gogoratzen duen dokumentala estreinatuko da barikuan. Bertan, Tokyo Brass Style, Eyo´nle, Balkan Paradise Orchestra taldeen ikuskizunak edota epaimahaikide izan diren Roberto Moso edota Jose Miguel Lopez kazetarien testigantzak ikus daitezke.
Dokumentalaz gainera, bi erakusketek osatuko dute jaialdiaren edizio berri hau. Bata, Zelaieta parkean egongo da ikusgai, ekainaren 19tik uztailaren 12ra bitartean; aurreko edizioetako kartelak, edota kamisetak egongo dira ikusgai bertan. Bestalde, Unai Sasuategi argazkilariaren lanekin osaturiko erakusketa birtuala egongo da ikusgai Haizetara jaialdiaren webgunean; hamalau urteotan egindako argazkien aukeraketa batek osatzen du bilduma.