[AZKEN ORDUKOA] Zornotzako jai guztiak bertan behera uztea erabaki du udalak, aho batez

Ekaitz Herrera 2020ko eka. 11a, 12:37

Jai horien artean daude San Juan suak, auzoetako jaiak, Karmengo jaiak eta Santanatxu. Udaleko indar politiko guztiak etorri dira bat erabakiarekin.

"Egungo egoeraren ondorioz, eta hauetan jendetza pilatzen delako, ezinezkoa da osasun eta segurtasun publikoko berme guztiekin egitea", azaldu du Zornotzako Udalak. Andoni Agirrebeitia alkateak adierazi du erabaki "zaila" dela eta "azken ordura arte" erabakia hartzeko zain egon direla: "Badakigu neurri gogorra dela eta onartzeko zaila, baina egoerari aurre egiteko behar dugun erabakia da, eta zornotzar guztien eta udako jaiez gozatzera gure herrira etortzen diren asko eta askoren osasunari lehentasuna ematen dion erabakia da."

Udalak lehentasuna eman gura izan dio egungo osasun eta ekonomia larrialdiari. Aldi berean, "ahal duen guztia" egingo du profesionalek izango dituzten galerak konpentsatzeko. Halaber, jaiak antolatzen dituzten elkarte guztiekin harremanetan ipiniko da udala, bestelako aukera batzuk pentsatzeko.

Online programazio bat egitea pentsatu dute uztailaren 15etik 27ra. Herritarrak deitu dituzte jaietako zapiak balkoietan jartzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!