Aniztasun funtzionala dutenen tratamenduak diruz lagunduko ditu Zornotzako Udalak

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 29a, 10:44

Zornotza izango da aniztasun funtzionalen bat duten herritarren tratamenduak 18 urte bete arte diruz lagunduko dituen "bakarra". Neurriak jarraipena eman gura dio Aldundiaren laguntzari. 0-6 urtera bitarteko umeen tratamenduak laguntzen ditu azken honek.

Zornotzako Udalaren arabera, bera da aniztasun funtzionalen bat duten herritarren tratamenduak 18 urtera arte diruz lagunduko dituen "bakarra". Diru-laguntza eskatu ahalko dute 6 eta 18 urte bitarteko umeek, Zornotzako udalerrian erroldatuta badaude eta Bizkaiko Foru Aldundiak aitortutako %33ko aniztasun funtzionala edo handiagoa badute.

Suspertze plana, aurrera

Zornotzako Udalak 1.350.000 euroko suspertze plana onartu zuen duela egun batzuk, koronabirusak eragindako kalte sozialei aurre egiteko. Aho batez onartu zuen. Dagoeneko diru-kopuru horren %70 bat esleituta dago. Udaleko iturrien arabera 805.000 euro erabili dira dagoeneko arrisku egoeran dauden herritarrei arreta eskaintzeko. Gainontzekoa hurrengo asteetan esleitzea aurreikusten du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!