Larreako jolasgune berria eraikitzeko lanak hasi ditu Zornotzako Udalak

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 26a, 09:57

Naturan integratutako jolasgunea izango da. Oreka lantzeko jolasak, sokazko zubia, rokodromoa, tirolina eta txintxaun oszilatzaile bat ipiniko dituzte, besteak beste. Lanak bide onetik badoaz, bost hilabete barru egongo dira amaituta.

Jolasguneak zirkuitu bat egiteko aukera eskainiko die umeei. Hareazko bi erloju egongo dira -hasieran eta bukaeran- ibilbide guztia egiteko denbora neurtzeko. Zirkuituan zehar honako jolas hauek instalatuko dituela aurreratu dute udaleko iturriek: "trikimako-bide bat, orekarako habe birakari bat, hiru zuhaitz igokari, zabu oszilatzaile bat, eta honako elementuez osatutako joko-eremu bat: oinarri karratuko plataforma batetara heltzeko sarrerako eskailera, suhiltzaile-barra, rokodromoa, orekak egiteko bi soka dituen hiru zutoinek osatutako arkuari lotutako armiarma-sare bat, oreka-barra sokadun bat, soka-barandak dituen soka-zubia eta tirolina bat".

Zornotzako Udalaren arabera, Larreako jolasgune berriak herrian eskaintzen diren jolas-parkeen eskaintza handituko du. Larreako instalazio hau aurrekontu  parte-hartzaileetatik irtendako ideia da. Proiektuak 145.000 euroko aurrekontua du eta lanak ondo badoaz bost hilabate barru amaitzea itxaroten dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!