Zornotzako Udalak maskara berrerabilgarriak banatuko ditu herritarren artean

Anboto 2020ko mai. 12a, 13:27

Herriko jostunek egin dituzte eta boluntarioen sareak banatuko ditu postontzietan.

Gaurtik aurrera, Zornotzako Udalak maskara berrerabilgarriak banatuko ditu herritar guztien artean. Ekimen hau aurrera atera da herriko jostunen laguntzari esker, beraiek egin dituzte maskarak, eta baita osasun larrialdia hasi zenetik Udalari laguntzen ari diren boluntario sarearen laguntzari esker, hauek izango baitira maskarak herritarren postontzietan banatuko dituztenak.

"Kalitate eta babes maila handiko maskarak dira. Ehundu gabeko ehunarekin eginda daude, hain zuzen ere maskara hauek egiteko gomendatzen den materialarekin. Ehuna AITEXek egiaztatu du (2020TM0607), maskara higieniko berrerabilgarriei buruz UNE0065 zehaztapena jarraituz. Hidrofugoak eta berrerabilgarriak dira, hezetasuna ekiditen dute, eta 30 aldiz garbitu arren, propietate guztiak izaten jarraituko dute. Gainera geruza biko iragazkia daukate josita", azaldu dute udal arduradunek ohar batean.

Gainera, maskara "bereziak" direla nabarmendu dute, jostunek kanpoko geruza jarri diotelako, maskara bakoitza desberdina bihurtuz. Maskara mota bi josi dituzte: bat 14 urtetik beherakoentzat eta bestea gainontzekoentzat.

Azkenik, udaletik gogoratu dute maskara erabiltzeaz gainera, "bestelako neurriak" ere hartu behar direla; "esate baterako, eskuak garbitu, gel desinfektantea erabili eta une oro pertsonen arteko segurtasun distantzia gorde".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!