“Lehenengo egunak gogorrak izango dira, baina gorputza ohitzen joango da apurka-apurka”

Joseba Derteano 2020ko mai. 9a, 10:00

Xabi Etxeita futbolari zornotzarra Getafe taldean dabil eta laster, asteburu honetan bertan beharbada, kirol-hirira joaten hasiko da entrenatzera. Segurtasun neurriengaitik, ez dira ohiko entrenamendu motak izango.

Zelan entrenatuko zarete?
Entrenatzen hasi aurretik, Ligak bidalitako protokoloa helarazi ziguten eta prestatzaile fisikoagaz bideokonferentziak egin genituen, azalpen denak jasotzeko. Hiru fase izango dira eta lehenengoan gaude. Orain, maskarak eta eskularruak ipinita joango gara kirol hirira. Han binaka entrenatuko gara. Zelai osoa lagun birentzat. Lehenengo faseko neurriak zorrotzak dira. Ondoren, bigarren fasean, aste batean edo bitan tokiren batean kontzentratu gura gaituztela uste dut eta han egingo ditugu entrenamenduak. Zortziko taldetan ibiltzea da asmoa. Hau da, zortzinaka hartu autobusa, zortzinaka entrenatu, eta modu berean itzuliko gara. Ondoren, nor bere egongelara joan eta han egongo gara hurrengo egunera arte. Janaria bertara ekarriko digute.

Zelai batean entrenatzera itzultzea denboraldi-aurrean egotearen modukoa izan daiteke gorputzarentzat?
Bai, gorputzak igarriko du. Itxialdian etxe inguruan baino ez naiz ibili korrika. Lehenengo egunak gogorrak izango dira, baina gorputza ohitzen joango da apurka-apurka.

Azkenaldian hainbat futbolarik adierazi duzue ez zaizuela justua iruditzen koronabirusaren gaineko testak futbolariekin agortzea, beharrizan handiagoa duten sektoreak daudenean.
Jende asko egon da larri. Ez dakit zein den egoera gaur-gaurkoz, baina aurreko asteetan behin baino gehiagotan entzun dut sintomak dituen jendeari etxean egoteko esan diotela, ez dagoelako aukerarik denei testak edo analisiak egiteko. Uste dut guri hiru egunerik behin egin gura zizkigutela testak, eta ez zait batere etikoa iruditzen guri hainbeste test egitea beste hainbat pertsona test horien beharrean daudenean.

Joaquin Caparrosek adierazi du Lehen Mailako taldeek azpiegitura handiak dituztela eta bazegoela aukera entrenamenduei modu seguruan lehenago ekiteko. Ikuspegi hori partekatzen duzu?
Osasuna da garrantzitsuena, eta osasun arloko adituek esandakoari jarraitu behar diogu. Eurek badiote nor bere etxean egotea dela garrantzitsuena birusari aurre egiteko, horixe egin behar dugu. Protokolo batzuk mantenduta, bermeekin entrenatzeko aukera egon zitekeen, baina horretaz dakien jendeak dioenari jarraitu behar diogu, eurak direlako adituak. Gu ez gara inor gure aldetik beste aukera batzuk hartzeko.

Getafe sekulako denboraldia egiten zebilen geldialdiaren aurretik. Liga zer baldintzatan itzuliko dela uste duzu, eta zuri zelan itzultzea gustatuko litzaizuke?
Niri, eta jokalari denoi esango nuke, liga amaitzea gustatuko litzaiguke, ahalik eta egoerarik egokienean beti ere. Jokatzen hasiko garela uste dut. Protokolo asko daudela eta estamentu guztiek jokatzea gura dutela iruditzen zait. Beste kontu bat izango da zer egingo duten koronabirus kasuren bat agertzen bada. Hau da, demagun partiduak jokatzen hasi eta handik egun gutxira jokalariren batek positibo ematen duela. Orduan, zer? Edo talde bereko hiru-lau jokalariri gertatzen bazaie? Ez dakit egoera horri zelan aurre egingo dioten. Baina jokatzen hasi, hasiko garela uste dut; eta ia seguru harmailak hutsik daudela.

Jokatu bako partidu guztiak jokatzeko denborarik badagoela uste duzu?
Hamaika bat jardunaldi geratzen dira eta uste dut badagoela denbora dena jokatzeko. Edo hori itxaroten dut, behintzat. Ikusi egin beharko dugu egoera zelan garatzen den. Beharbada bihar beste zerbait esan beharko dugu.

Etxean itxita egondako sasoian zelan eraman dituzu entrenamenduak? Txakur bat baino lagun hobea izan da arrabola?
Txakur bat edukitzea ere ez zitzaidan txarto etorriko, beragaz kalera irten ahal izateko! Nik, zorionez, toki apur bat gehiago dut etxean, gimnasio txiki bat ere bai, eta arrabolaz gainera, ariketa gehiago egin dezaket. Klubaren bitartez bizikleta estatiko bat ere lortu nuen eta oso ondo etorri zait. Izerdialdi bat botatzeko modurik onena da. Gorputzak eskatu egiten dizu.

Zelan aurre egiten zaio nagitasunari edo ezer ez egiteko tentazioari?
Lehenengo egunetan, pentsatu nuen beharbada ez zela luzerako kontua izango eta prestakuntza ahalik eta zorrotzen eraman behar nuela. Gainera, Ligako dinamikan sartuta zaudenean, ez dituzu ariketa mota batzuk egiten, edo ez duzulako astirik edo lesionatzeko arriskua duzulako. Beraz, hasieran gorputzeko atal bat edo bestea indartzeko erabili daitezke ariketak. Hasieran erraz eraman nuen. Denbora aurrera joan ahala, ostera, gatxagoa da motibazioa mantentzea. Baina profesionalak gara, astero ariketen plangintza bidaltzen digute eta ahalik eta ondoen eutsi behar diogu sasoiari. Gainera, gure pisua zein den jakinarazi behar diogu egunero entrenatzaileari. Ezer egin ezik, pisuak gora egiten du segituan.

Egunero jakinarazi behar duzue pisua?
Bai, egunero. Jose Bordalas entrenatzaileak garrantzi handia ematen dio pisuari. Egoera normalean ere, entrenatzera joan eta astean hiru bat bider baskulatik igaro behar izaten dugu.

Baskulak sustoren bat eman dizu egunotan?
Egia esanda, nahiko egonkorra naiz pisuan eta baremoaren barruan egoten naiz. Beste taldekide batzuei gehiago kostatzen zaie eta hor ibiltzen dira goizetan saunara sartzen eta antzerakoak egiten pisua jaisteko.

Itxialdian futbol txapelketa birtualak jokatzen ikusi ditugu futbolari asko. Zu horrelakoen zalea zara?
Ez askorik. Eta ez daukat kontsolarik. Gazteagoa nintzenean ordenagailuko bideojokoren batera zaletu nintzen, baina orain ez dut horretarako astirik. Etxean ume bi ditut.

Zelan mantentzen duzu hartu-emana hemengo senide eta lagunekin?
Bideokonferentzien bitartez. Garagardo bat eskuan, poteo eta solasaldi birtualak egiten ditut lagunekin. Zorionez, ondo dabiltza denak, bai lagunak eta bai senitartekoak, eta egoera zein den ikusita, pozteko kontua da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!