Zein da Amorebieta futbol klubaren iritzia federazioak hartutako erabakiaren aurrean?

Joseba Derteano 2020ko mai. 9a, 13:55
(Argazkia: www.sdamorebieta.eus)

Espainiako Futbol Federazioak atzo egin zuen ofizial zer gertatuko den profesionalak ez diren mailekin. 

Bigarren B Mailako liga bertan behera utziko dute. Falta diren jardunaldiak ez dira jokatuko. Igoera promozioak jokatu egingo dira baldintza batzuen barruan, baina ez da jaitsierarik egongo. Kontua da Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailarako igoerak jokatu egingo direla. Ondorioz, talde guztiei tokia egiteko, hurrengo denboraldian multzo berri bat sortuko dute. Gai hauen guztien inguruan galdetu diogu Jon Larrea Amorebieta futbol klubeko presidenteari ere bere iritzia eman du.

Erabakiari "errespetua"

'Zenbat buru hainbat aburu' dio esaera zaharrak, eta kasu honetan ere klub bakoitzak bere iritzia plazaratu du zegokion organoetan. Baina behin erabaki hartuta, ez dago atzerabueltarik, eta dagoenarekin egin behar da aurrera Larrearen ustez. "Hamaika erabaki ezberdin hartu zitezkeen. Batzuk ados egongo dira eta beste batzuk ez. Alde onak eta txarrak dituela? Hori argi dago, baina gure aldetik, erabakia errespetatu behar dugu eta ahalik arinen egokitu behar gara", dio.

Multzo berri bat sortzea, klubarentzat  "kaltegarria"

Orain arte 80 talde lau multzotan banatuta egon dira Bigarren B Mailan. Hurrengo denboraldian, Hirugarren Mailatik igoko diren taldeak batuta, 100 talde izango dira: 20 gehiago. Denei tokia egiteko multzo berri bat sortuko dute. "Guk talde kopurua ez handitzea gura genuen eta orain arte moduan jarraitzea", azaldu du Larreak eta puntu hori klubaren "ardura nagusia" zela onartu du. Zergatik? "Talde kopurua handituta, diru-laguntzak klub gehiagoren artean banatu beharko dira. Maila horretan egotea bera asko kostatzen zaigu: gizarte segurantzari ordaintzea, ordainketak egunean eramatea... Eta orain 20 talde gehitzea... Guretzat kaltegarria da. Baina erabakiaren ondorio bat da eta onartu behar dugu".

Igoerak eta jaitsierak

Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara igoerarik ez egotea zen Amorebietaren postura. Zelaian, norgehiagokan, erabaki ezin izan dena, bulegoetan ez erabakitzea. Aldiz, Bigarren B Mailatik Bigarren Mailarako igoera fasearekin konforme daude. "Kasu desberdina da. Bigarren Mailan jokatu egingo dira falta diren partiduak. Futbol kluben kirol emaitzek erabakiko dute azkenean nortzuk jaitsiko diren. Ondorioz, Bigarren B Mailan ez bezala, Bigarren Mailan bai geratuko dira plaza batzuk libre", zehaztu du.

Aurrera begira, zer?

Hurrengo denboraldia ez da hasiko urrira arte. Bost hilabete luze geratzen dira aurretik. Zelan koordinatuko dituzte entrenamenduak? "Zalantza asko ditugu", onartu du Larreak. Etxeko entrenamenduak amaitu eta zelaietakoak hasten direnean aurreikusten dituzte buruhausteak. "Gure baliabideak direnak dira. Zelai bi erabili ditzakegu eta jokalari denak han banan-banan entrenatzea... edo azpiegiturak etengabe desinfektatzea... Guk hori ezin dugu une honetan bermatu", onartu du.

Beste alde batetik, klubaren bideragarritasun ekonomikoa dago. ERTE bat egin behar izan dute. "Diru sarrerak murriztu dira, baina gastuei aurre egin behar zaie. Horren aurrean ERTEa irtenbide moduan ikusi dugu. Estatuak %70 finantzatzen bagaitu gutxigorabehera, gainerako %30 gu jartzen saiatzen ari gara",azaldu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!