“Euskal Herrian kokatu gura nuen istorioa, eta Guy Ritchieren lehenengo pelikulen kontatzeko moduan idatzi”

Aritz Maldonado 2020ko api. 20a, 11:00

 Zigor Goitiandia zornotzarrak bere lehenengo nobela argitaratu du: 'El Camaro Destartalado'.

Nondik dator liburu hau idazteko ideia?
Gogoa nuen umorezko istorio bat egiteko, baita modu berezi batean idazteko ere. Aspaldi, Jaroslav Haseken Las aventuras del buen soldado Svejk liburua irakurri nuen, eta haren antzerako zerbait egin gura nuen. Umorea erabilita, oso kritika gogorra egiten dio I. Mundu Gerrari. Euskal Herrian kokatu gura nuen nire istorioa, eta Guy Ritchieren lehenengo pelikulen kontatzeko moduan idatzi gura nuen; asko gustatzen zait bere egituraketa anarkiko hori, hasieran zerikusirik ez duten pertsonaiak zelan elkartzen dituen eta abar. Sekuentzia laburrak idatzen joan nintzen, bertan pertsonaia berriak sartuz, eta umore beltzeko istorio hau geratu zait. Kritika soziala ere sartu dut.

Kontakizuna garaikidea da, beraz.
Istorio garaikidea egin gura nuen hasieratik. Baina teknologia berrien garaia ekidin gura nuen, Internetek edo praktika polizial berriek asko baldintzatuko luketelako kontakizuna. Istorioa 80ko eta 90eko hamarkadetan kokatzen da. Horrek aukera ematen dit modernitate batzuk sartzeko, eta pertsonaia batzuen bitartez flashbackak erabili ditzaket. Horrela, II. Mundu Gerran ere kokatu dezaket. Lehengo garai hura bizi izan zuten pertsonaiak eta gaur egungoa bizi dutenak nahastu gura izan ditut. Hizkuntza aldetik asko ekonomizatu dut; ekintzen bitartez deskribatu gura izan dut. Guy Ritchieren modu anarkikoari jarraitzen ahalegindu naiz istorioa kontatzerakoan. Tarantinoren edo Cohen anaien ereduak ere gertu izan ditut. Amaieran guztia lehertu arte irakurleak istorioa zertaz doan ondo ez ulertzea gura nuen. Orduak igaro ditut lotura guztiak egiteko, ez dago ezer zintzilik.

Erabiltzen dituzun erreferentziengaitik, zein adin tarteko irakurleentzat idatzi duzu?
Uste nuen 30 urtetik gorako jendearentzat izango zela batez ere, baina erreferentziengaitik eta erabiltzen dudan kaleko hizkuntzagaitik, nagusiek ere gustura irakurri dutela esan didate. Gehiago harritu nau gazteek ere gustura irakurri dutela entzuteak. Gazteak harritu egiten dira eta eleberrian agertzen diren pertsonaia edo egoera asko existitu ote ziren galdetzen didate, ea zer dagoen fikziotik eta zer errealitatetik. Asko dokumentatu naiz lan hau egiteko, fikzioa izan arren, eta umoretik idazten dudan arren, benetako oinarri bat dago.

Beste nobela batzuk ere idatzi dituzu, baina hau da argitaratu duzun lehenengoa.
Beste hiru liburu dauzkat idatzita, baina publikatu barik. Lehenengoa fantasia epikozko nobela bat zen. Beste biak beldurrezkoak dira, eta akziozkoak. Erdi Aroan kokatzen dira eta horietako batek banpiroak ditu. Orain dela gutxikoak dira, eta karga soziala dute, baita paralelismoak ere, izan ere, banpiroak eta odol xurgatzaileak orain ere baditugu (barrez). Ondo pasatzen dut idazten, eta lagunek ondo pasatzen dute nire lanak irakurtzen. Azken lan hau publikatzeko hobea zela iruditzen zitzaidan, baina originalagoa delako, forma zein estilo aldetik. Beste bat idazten ari naiz orain, oposaketengaitik geldi eduki dudana. 600 bat orrialde ditut idatzita, eta beste 200 bat geratzen zaizkit. Hau ere Erdi Aroan dago kokatuta, eta hor bai, hor gatxago egiten zait originalagoa izatea.

Musikaria ere bazara. Zein soinu banda ipiniko zenioke istorioari?
Musika talde asko agertzen dira liburuko protagonista punkiaren jakako partxeetan: AC/DC, Deep Purple, Led Zeppelin, Eskorbuto, Soziedad Alkoholika, MCD... baita musika zaharragoa ere bai, Chuck Berryrena, adibidez. Tabernetan ere musika hori agertzen da, girotzeko.

Non erosi daiteke liburua?
Zornotzako Billiken liburudendan, Durangoko Hitz eta Urrike liburudendetan, Elkarren, eta neure kontura ere saltzen ditut. Liburua digitalean kaleratzea ere gura nuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!