Bizkargi kafetegi soziala finantzatzen lagundu dutenei eskerrik beroena agertu die Zornotzako Harrera Taldeak

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 5a, 13:18

"Oso-oso eskertuta gaude jendeak emandako erantzunarekin. Honek indar gehiago eman digu obren, ordutegien, hornitzaileen eta bestelako lanei indar gehiagorekin ekiteko" dio Harrera taldeak. Abenduaren 5ean hasi zuten Bizkargi taberna zegoen tokian kafetegi soziala zabaldu ahal izateko diru-bilketa kanpaina. 13.065 euro batu dituzte

Ereindako haziak hasita daude loratzen. Harrera taldea buru-belarri ari da Bizkargi taberna zena kafetegi sozial bihurtzeko lanetan. Zornotzan errotzen ari diren familia migranteen zein herritar guztien topaleku izango da kafetegi-dastalekua. "Maitasun eta dedikazio osoz ari" dira gara "karta osatu eta produktuak aukeratzen". Kalitatezko eskaintza bat eman gure dute, Harrera taldearen "oinarritara ahalik eta gehien gerturatuko dena". Tokiko produktu ekologikoak eskaintzeko asmoa dute eta "giro goxo eta etxekoia duen lokala" sortu gura dute.

Kanpaina zenbakitan
Interneteko goteo.org atarian garatu dute kanpaina, crowdfunding lez ezagutzen den sistema erabilita. Hau da, kanpainan parte hartzeko interesa agertu duten herritarrek bakoitzaren poltsikoaren araberako ekarpen ekonomikoak egiteko aukera izan dute. 10, 20, 50, 100, 150, 300 eta 500 euroko ekarpenak egiteko aukera egon da. Eta, guztira, 158 herritarrek egin dituzte dohaintzak.

Norbanakoen ekarpenak izan dira ia denak, baina hainbat elkarteren babesa ere igarri da. Besteak beste, Zornotzako Talde Feministaren ekarpen ekonomikoa jaso du proiektuak. Baita Zaparrada Batukada taldearena ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!