Zornotzarren proposamenak jasotzeko epea zabaldu du udalak, 2021eko aurrekontuetan islatuta gera daitezen

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 2a, 13:32
Miren Martiarena ogasun zinegotzia eta Andoni Agirrebeitia alkatea.

Datorren urteko aurrekontuaren zati bat zertan erabili gurako luketen adierazi dezakete Zornotzarrek. Udalak aurrekontu partehartzaileen prozesua zabaldu du eta herritarrek haien proposamenak aurkeztu ahalko dituzte apirilaren 30era arte. 

2021rako aurreikusitako inbertsioen %25, 840.000 euro inguru herritarren proposamenetatik tiraka garatu gura du Zornotzako Udalak. Aurrekontu parte-hartzaileetan ekarpenak egiteko epea zabalik dago. Apirilaren 30era arte egongo da irekita.  Andoni Agirrebeitia alkatearen esanetan, "parte hartzea aktiboa" sustatzeko helburua du egitasmoak. "Zornotzarren iritzia zein den jakin gura dugu, gero horri erantzun bat emateko", dio. Udalak aurrekontu parte hartzaileak antolatzen dituen hirugarren aldia da honakoa. 

Baldintzak eta parte hartzeko bideak

Herritarren proposamenek baldintza batzuk bete beharko dituzte. Besteak beste, udalaren eskumeneko proposamenak egin ahalko dira, legezkoak, interes orokorrekoak eta teknikoki zein ekonomikoki bideragarriak. Behin proposamenak jasota, udalaren bulego juridiko, tekniko eta ekonomikoak arduratuko dira proposamenak lehenetsi eta aurrera egingo dutenak aukeratzeaz.

Zornotzako Udalaren web orrian, www.ametx.eus gunean, Herritarren Arreta Zerbitzuan edo Zelaieta zentroan egin ahalko dira proposamenak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!