Espazioa beste modu batera aprobetxatzeko helburuz, Zornotzako Udalak obrak egingo ditu Larrea eskolan

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 2a, 11:44

Eskolako langileek hala eskatuta, udalak hainbat lan egingo ditu Larrea eskola publikoaren beheko solairua egokitzeko. Dagoen espazioa "etekingarriago" egin gura du udalak. Aldaketa nagusiak aldageletan, jantokian eta hezkuntza bereziko geletan izango dira. Udan egingo dituzte lanak, uztailetik aurrera gutxi gorabehera

2 urtetik 5 urtera bitarteko 300 ikasle inguru daude Zornotzako Larrea eskola publikoan. Ikastetxeko langileek udalari hainbat aldaketa egitea eskatu diete. Eskariak aintzat hartu ditu udalak eta obra batzuk hasiko ditu udara inguruan. Nagusiki, gaur egun dagoen espazioaren banaketa aldatzeko lanak izango dira, espazio bera beste modu batera aprobetxatzea ahalbidetuko dutenak.

Eider Galarza Zornotzako Udaleko arkitektoaren esanetan, hauek dira egingo diren aldaketeta nagusietako batzuk:

  • Gaur egun espazio partekatua dute aldagelek eta komunek. Bada, aurrerantzean, komunentzako tokia bakarrik izango da eta behar guztietara egokitutako komun bat ere ipiniko dute
  • Beheko solairurako sarrera handituko dute. Gaur gaurkoz bi eremu daude, baina eremu bakarra izango da behin lanak amaituta.
  • Hezkuntza bereziko geletan argitasun gutxi eta gelak egurasteko zailtasunak daudela eta, beste toki batean ipiniko dituzte gelak, leihoen kontra. Hartara argitasun gehiago eta egurasteko modu zuzenagoa lukete.
  • Garbiketa zerbitzuaren tresnak eta gailuak gordetzeko gune bat atonduko dute.

Guztira 300 metro koadroko azaleran egingo dituzte lanak. Aurreikuspenen arabera, uztailean hasiko dituzte eta datorren ikasturte hasierarako prest izatea gura dute. Udalak finantzatutako obrak izango dira. Lanek 160.000 bat euroko aurrekontua dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!