“Esan didate Bizkaian ez dakigula sagardoa egiten, eta probatu ondoren isildu egin dira”

Aitziber Basauri 2020ko ots. 24a, 09:14

Aurten 4.000 litro sagardo ekoiztu dituzte Etxearriagan, eta 1.000 litro inguru txakolin. Euren sagardotegian, sasoi bateko egiteko moduekin jarraitu gura dute, eta ondo igarri dute txotx garaia zabaldu dela. Baina urte osoan datozkie sagardozaleak, Unai Bilbaok dioenez. Bost urte dira ama Marianegaz erronkari heldu ziola, afizioa ofizio bihurtuta. "Umetatik ibili naiz sagarrak batzen, zukurako, sagardorako... beti egin dugu sagardoa baserrian", dio.

Zelako ezaugarriak ditu aurtengo sagardoak?
Udan euri gutxi egin du eta graduazio gutxiagoko sagardoak irten du, baina zaporez eta usainez oso orekatua. Primerako sagardoa.

Etxeko sagarrekin egiten duzue.
Bai. 1.000 sagarrondo ditugu, eta orain 50 urte aititak ipinitako beste 100 ere bai, oso zahartuta dauden arren. Hiru hektareako mahastodia ere badugu.

Txuleta eta bakailao tortilla barik, bestelako proposamena da zuena.
Etxeko babak prestatzen ditugu, sakramentu guztiekin. Hektarea bateko soloa dugu; babak eta hirinerako artoa ereiteko, batez ere. Sasoiko ortuariak ere baditugu. Baina norbaitek kapritxoa badu, txuleta eta bakailao tortilla ere ematen ditugu. Etxeko produktuak erabiltzen ditugu, gertukoak.

Lehen, bakoitzak bere jatekoa eramaten zuen sagardotegira. Eboluzio handia gertatu da?
Bai. Neuk ere ikusi dut, Elizondo inguruan, herritar bakoitzak eramandako sagarrekin sagardoa egiten, abadearen lokal batean. Jatekoa eramaten zuten: okela, barazkiak…. denen artean jateko. Eboluzioa sagardoaren kalitatean izan da. Kontrol eta berme maila handitu da.

Zelakoa da sagardoaren kultura Bizkaian?
Handituz doa. Ohiturak aldatzen doaz. Geroago eta kuadrilla gehiago ikusten dut sagardo botilagaz.  Egia esan, tabernetan erreparoa dute botila zabaltzeko, produktu naturala izanda galdu egiten delako denbora luzean zabalik badago. Botila eskaintzeko esaten diet, Asturiasen edo Gipuzkoan lez. 

Badago desberdintasunik Bizkaiko eta Gipuzkoako sagardoaren artean?
Oinarrian, ez dago desberdintasunik bateko eta besteko sagarren artean. Lurra, klima, erabilitako sagar motak… ia berdinak dira. Hori bai, baserri edo sagardotegi bakoitzak bere berezitasunak ditu, bere lan egiteko erak (tresnak, sagarren kalitatea, sagardo kantitatea…).

Txakolinagaz ere badago lehia...
Bai. Ahalik eta sagardo eta txakolin gehien saltzea da garrantzitsua, sagardozale eta txakolinzaleak sortzea. Esan didate Bizkaian ez dagikula sagardoa egiten, eta probatu ondoren isildu egin dira.

Gomendioren bat sagardoa edateko?
Botilakoa edatea. Botilatu eta gero, hilabete inguru itxaroten dugu zabaltzeko, sagardoak gorputza hartzeko, edateko perfektu egoteko. Kupelean biziago, mugituago dago. Bestalde, ez edan egun batean urte osorako sagardoa. Neurrian edan, biharamunean ondo egoteko eta hurrengoan ere bueltatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!